Astelehenean hasiko dira errefuxiatuentzat materiala biltzen

Astelehenean hasiko dira errefuxiatuentzat materiala biltzen
2016/02/10 eta kitto!
CARE Errefuxiatuei Laguntzeko Eibarko Elkarteak astelehenean ekingo dio errefuxiatuei bidaltzeko material bilketari. Oraingoz, Argatxa 5ac helbidean udalak laga dien lokalean hasiko dira, astelehenetan goizez (11:00etatik 13:00era) eta martitzen, eguazten eta eguenetan, berriz, arratsaldez (17:00etatik 20:00etara). Elkarteko ordezkariek azaldu digutenez, "lokal handiago baten bila jarraitzen dugu. Izan ere, lortu dugun lokala txikia da eta, horregatik, oraingoz ezin izango dugu erropa bilketarik egin".
Beraz, momentuz jarraian zehazten diren gauzak bilduko dituzte bakarrik (zerrendatik kanpora ez dute besterik hartuko): elikagaiak (lata edo paketeetan datozenak); mantak, lo-zakuak eta kanpin-dendak; osasun, medikuntza eta higienerako produktuak (oraingoz ez dute sendagairik batuko); eskolarako materiala eta jostailuak; haur-oihalak eta konpresak; eta umeentzako elikagaiak (esne-hautsa eta biberoiak).
Bestalde, bilketari lotuta sortuko diren beharrei aurre egin ahal izateko, orain arte astero, barixakuetan Portalean egiten zituzten bilerak bertan behera lagako dituztela eman dute aditzera. Elkartearekin kontaktuan ipintzeko 667317853 / 637865109 telefonoetara deitu edo care.eibar@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
care material bilketa