Aurten 25 urte betetzen dituen Nagusien Hamabostaldia aurkeztu dute

Aurten 25 urte betetzen dituen Nagusien Hamabostaldia aurkeztu dute
2018/04/05 eta kitto!
Atzo goizean aurkeztu zuten Pertsona Nagusien XXV. Hamabostaldia udaletxean. Aurten 25 urte betetzen dira herriko jubilatuek urteroko hitzordua antolatzen hasi zirela eta, betiko martxan, oraingoan ere ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute Biztu elkarteak (Eibarko Jubilatu eta Pentsiodunen Koordinakundeak) eta Eibarko lau jubilatu etxeek (Untzaga, Beheko Tokia, Ipurua eta Urki), Udalaren laguntzarekin. Apirilaren 4tik 20ra bitartean ia egunero izango da ekitaldiren bat, “jubilatuok urtean zehar egiten ditugun jardueren” adibide modura. Goiburuak ere gaurkotasun handiko gaiari egiten dio erreferentzia: “% 0’25arekin ere, zaharrok gogor”.

Nagusien Hamabostaldiko inaugurazio ekitaldi ofiziala berez bihar izan arren, antolatu dituzten jardueren berri emateko aurkezpena atzo egin zuten antolatzaileek. Idoya Sarasketa Gizartekintza zinegotziaren berbetan, “betiko moduan, Eibarko jubilatuek era guztietako jarduerak antolatu dituzte, egitarau bete-betea osatzeko. Egingo diren gauza guztien artean bereziki azpimarratu nahi nituzke sendagile biren eskutik izango diren hitzaldiak, biak ere oso interesgarriak izango direlako. Batetik Mendaroko Ospitalean Urologiako burua den Peio Arrosagarayk nagusien sexualitateari buruz jardungo du. Eta, horrez gain, orain Donostia Ospitalean egon arren luzaroan Mendaron jardun zuen Javier Ruiz neurologoak ere hitzaldia emango du”.

Une honetan Biztu elkartearen presidente karguan dagoen Felix Elkoroiribek, bestalde, egitarauari errepasoa egin zion: “Ikusten duzuen moduan, denetarik daukagu: mahai-jolasak, hitzaldiak, txangoak… eta, jakina, astelehenero moduan, Hamabostaldian ere pentsioen aldeko kontzentrazioekin jarraituko dugu, 12:00etan Untzagan”. Bestalde, atzo arratsaldean zabaldu zuten erakusketaren harira, honakoa azaldu zuten: “Jose Antonio Bonok Eibarko jendeari argazki mordoa egin zion orain dela urte batzuk eta orain, bera hil eta gero, familiak argazki horiei irteeraren bat eman nahi die. Horregatik, antolatu dugu erakusketa eta, norbaitek bere burua argazkiren batean aurkituz gero, argazkia oparituko zaio”.

Aurkezpen ekitaldian Udalak jubilatuekin eta euren eskaerekin bat egiten duela esateko aprobetxatu zuen Sarasketak. Hain zuzen ere, Udal Bozeramaileen Batzordeak pentsioen etorkizuna bermatzeko premiari buruzko mozioa onartu berri du. Onartutako mozioa Irabazi-Ganemos Eibarko udal taldeak aurkeztutako mozioaren gainean adostu den testu alternatiboa da eta Eibarko PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Eibarko EAJ-PNV udal taldeen aldeko botoekin eta Irabazi-Ganemos Eibar udal taldearen abstentzioarekin onartu da, “belaunaldien arteko elkartasun-berme eta bizi-baldintza duinak dituen gizarte baten zutoin izango den pentsioen sistema publikoaren defentsan”.

Pertsona Nagusien XXV. Hamabostaldia

Eguaztena 4

Jose Antonio Bonoren omenezko argazki erakusketa zabaltzea. Untzagako jubilatu etxean.

Barixakua 6

Hamabostaldiaren inaugurazio-ekitaldia. Joxe Agustin Arrieta, AGIJUPENS Gipuzkoako pentsiodun eta jubilatuen elkarteko presidentearen hitzaldia eta Untzagako abesbatzaren emanaldia.

Astelehena 9

12:00: Pentsiodun eta Jubilatuen konzentrazioa, pentsio zuzenak eskatzeko. Untzagan.

Martitzena 10

Oñati-Arantzazura txangoa.

Eguaztena 11

17:00: Parkinson-en nazioarteko eguna dela eta, ateak zabaltzeko eguna Depalkel Debabarrena Parkinson Elkartean (Ardantza, 1).

Barixakua 13

16:30: ‘Pertsona Nagusien Sexualitatea’ hitzaldia, Peio Arrosagaray, Mendaroko Ospitaleko Urologia Burua. Untzagako jubilatu etxean.

Astelehena 16

12:00: Pentsiodun eta Jubilatuen konzentrazioa, pentsio zuzenak eskatzeko. Untzagan.

18:30: “Prozesu kognitiboak” hitzaldia, Javier Ruiz neurologoaren eskutik. Beheko Tokia jubilatuen etxean.

Martitzena 17

12:00: Toka eta igel-toka finalak.

17:00: Tute, Mus eta Briska finalak. Ipuruako jubilatu etxean.

Eguaztena 18

16:00: Txokolate-jana eta Kaleetan Kantuz abesbatzaren emanaldia. San Andres zaharren egoitzan.

Eguena 19

Mugerzaren Oroimenezko Ibilaldia, Elgoibarrera.

Barixakua 20

Hildakoen aldeko meza, Arrateko Santutegian. Bazkaria, Kantabria jatetxean. XXV. urtemuga dela eta, Biztuko zuzendaritzako kide ohiei omenaldia.