Behobia-Donostia asteburuko kirol agendan

Behobia-Donostia asteburuko kirol agendan
2016/11/11 eta kitto!
Asteburu honetako kirol agendan, Behobia-Donostia maratoi erdian parte hartuko duten hainbat eibartarrek izango dute protagonismoa. Hala ere, herritarrak lehen lerrora eramango dituen proba horretatik aparte, ohikoa denez, badira beste hainbat norgehiagoka haiinbat kirol modalitateetan banatuta. Foballean, 1. Mailako Eibar FT-ak ez du partidurik izango oraingoan, baina 2. Mailako emakumezkoenak Berriozar hartuko du Unben. Emakumezkoen Lurralde Mailako taldeak, bestalde, Mutriku hartuko du. Erregionalean, Gorengoen Mailako Eibar Urkok Beasain hartuko du Unben eta, 1. Erregionalean, bestalde, Eibartarrak-ek Bergararen bisita jazoko du, Urkik Soraluzen jokatuko duen bitartean. Gazteagoen mailatan, bestalde, jubeniletan Ohorezko Maila Nazionaleko Eibarrek San Juani egingo dio bisita eta kadeteetako Euskadiko Ligakoak Amaikak Bat hartuko du etxean. Zapatu eta domekaren artean banatutako foball-zaletuaren jardunaldiko berritasun bakarra domekakoa da: egun horretan ez da partidurik izango 12:00etan eta, 09:00etan, aldiz, bi partidu jokatuko dira.  Areto-foballean Concepto Egilek Pinsequeren kantxan jokatuko du, Debabarreneko kadeteek Goierri hartuko duten bitartean. Eskubaloian Somos Eibarrek Romoren bisita jazoko du eta, emakumezkoen Euskadiko Txapelketaren barruan, Avia Eibarrek Urnieta hartuko du. Gipuzkoako 1. Mailako partiduan, Haritzak Saiekori egingo dio bisita. Errugbian etxean jokatuko dute herriko lau taldeek: senior mailako mutilek (A Coruña aurkari dutela) eta neskek (Hernani) domekan, eta 18 eta 16 urtetik beherako taldeek Universitario de Bilbaoko maila bereko taldeak zapatuan. Saskibaloian Kopa irabazi berri duen Katu-Kale Mutrikura joango da, Ligari Kopan egindako ibilbidearekin jarraitzeko asmoz. Waterpoloan herriko taldeek ondo zaguzten duten Orbeako igerilekua izango dute lagun Leioa hartzeko (emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeen kasuan) eta Santoña (gizonezkoen bigarren taldearen kasuan). Pilotan afizionatuen mailako bi partidu izango dira Astelena frontoian, infantil mailan. Amaitzeko, ezin aipatu barik laga Elgetako bolatokian jokatuko den Euskal Herriko hiru-txirlo txapelketaren azken jardunaldia. Lehia bizia dago txapelaren borroka horretan eta baita hautagai bat baino gehiago, tartean Asola Berri gure herriko bolatokiko ordezkariak.
Asteburuko KIROL AGENDAN dituzue norgehiagoka guztietako ordutegiak eta astelehen goizerako asteburuan izandako EMAITZAK jaso ahal izango dituzue gure web orrian, tartean Behobia-Donostian parte hartuko duten eibartarren postuak eta denborak.