Bidezko merkataritzaren inguruko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute

Bidezko merkataritzaren inguruko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute
2017/03/02 eta kitto!
Eibartarrak bidezko merkataritzaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat ekintza antolatu ditu La Salle ikastetxeak martxoaren 6tik 17ra. Martxoaren 8 eta 10ean bi tailer eskainiko dituzte La Salleko zentro bietan, eta bigarren astean Udalari esker garatutako proiektuen berri emango dute.

Idoia Azpilikueta PROEGA Fundazioaren (La Salleren GKE) arduradunak, Idoya Sarasqueta Gizartekintza zinegotziak eta Joseba Agirrezabalaga La Salleko irakasleak bidezko merkataritzaren inguruan ikasleak zein herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin antolatutako ekintzak aurkeztu dituzte gaur goizean.

Zati bitan banatu dute kontzientziazio programa. Lehen astean, martxoaren 6tik 17ra, tailer bi egingo dira La Salleren ikastetxe bietan. Lehenengoa martxoaren 8an egingo da 17:00etatik 18:00etara, Isasin, eta helduei zuzenduta egongo da. Bigarrena, bestetik, Azitainen egingo da hilaren 10ean, 19:00etatik 20:00-etara, eta aisialdiko monitoreei egongo da bideratuta. Tailerretan izena emateko proega@lasalle.es helbidera mezua bidali behar da.

Tailerrez gain, bidezko kontsumoaren eta bidezko merkataritzaren inguruan lan egingo dute La Salle ikastetxeetan. “Ikasleak, hein batean, euren kontsumitzeko moduagatik ardura bat dutela jakin dezatela nahi dugu”, adierazi zuen Azpilikuetak, “indarra egin dezakegu eurak arduradunak izan daitezen”.

Agirrezabalaga irakaslearen iritziz, bidezko merkataritza eta elkartasun kontuak entzutera ohituta daude gazteak, “baina urruti geratzen zaie guzti hori”. Kanpaina honez bitartez, beraz, “kontu hauek euren egunerokora iristen zaizkie”, gehitu zuen. “Erropa merkea hain merkea zergatik den ikusten dute, horren atzean dagoena. Gogoeta eginarazten die”.

Proiektua ezagutarazi

Bigarren astean, PROEGAk Udalaren laguntzarekin garatutako proiektuen berri emango zaie herritarrei. ”Argentina eta Paraguaiko hainbat ikastetxetan alfabetatze zientifikoa eta kultura maila handiagotzeko helburuarekin gabiltza lanean”, aipatu zuen Azpilikuetak, “hezkuntza kalitatea hobetzeko, azken finean”.

Sarasquetak, bere aldetik, honelako proiektuek izan behar duten oihartzunaren garrantzia azpimarratu zuen. “Eibarko gazteek, orokorrean, erraztasunak dituzte, baina ez dira jabetzen beste gazte askok ez daudela egoera berean”.