Bularretik Mintzora guraso tailerrerako izen-ematea zabalik dago

Bularretik Mintzora guraso tailerrerako izen-ematea zabalik dago
2017/01/31 18:14
eta kitto!
Juan San Martin Udal liburutegiak eta Euskara sailak antolatuta, hitzaldi bik osatzen duten Bularretik Mintzora guraso tailerra eskainiko dute. Bularretik Mintzora, irakurtzeko zaletasuna sustatzen duen egitasmoa da. Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte literatura Elkarteak sortu zuen eta elkarte horrek koordinatzen ditu egitasmoaren ekintza guztiak. Lan-talde profesional batek bideratzen du ekimen osoa. Irizpideak eta materialak banatzen ditu horretarako eta formazio aukerak eskaintzen ditu. Ikasturte honetan Eibarko ia ikastetxe guztietan jarri da martxan eta orain gurasoen txanda dela diote arduradunek: Udalaren bitartez bi hitzaldiz osatutako Gurasoentzako Tailerra eskaini nahi dugu, gaian adituak diren profesionalen eskutik. Haur Literatura gizakiaren sorreran eta gizartearen garapenean lehen komunikazio tresna den neurrian, haren garrantziaz jabetzeko eta irakurketa ohiturak etxean sustatzeko familientzako formazioa da eskaini nahi duguna”.

Lehen saioa otsailaren 28an (martitzena) izango da, 18:00etatik 20:00etara Portaleko areto nagusian. Hizlariak Juan Kruz Igerabide eta Itziar Zubizarreta izango dira eta Haur Literaturari buruz jardungo dute: literatura unibertsalaren eta gurearen ikuspegi bat landu eta euskal haur literaturako poesia, kanta, joko eta abarren tradiziozko ereduak ere erakutsiko dituzte.

Eta bigarren saioa martxoaren 1ean (eguaztena) izango da, 18:00etatik 20:00etara Portaleko areto nagusian. Horretan Haur Literaturak haurraren garapenean duen garrantziaz egingo du berba Juan Carlos Alonsok. Haur Literaturak haurraren garapen emozional, intelektual eta afektiboan duen garrantziaz jabetzeko hitzaldia izango dela aurrerartu dute.

Izena emateko azken eguna otsailaren 19a izango da eta horretarako hainbat aukera dago: ikastetxean, umearen irakasleari esan dakioke edo, bestela, udal liburutegira zuzenean joan, telefonoz deitu (943708437) edo liburutegia@eibar.eus helbidera idatzi.