Burrunba elektrotxarangaren erritmora eta Kalian Jolasian hasiko dugu Euskal Jaiko asteburua

Burrunba elektrotxarangaren erritmora eta Kalian Jolasian hasiko dugu Euskal Jaiko asteburua
2017/05/26 eta kitto!
Eibarren Euskal Jaiaren 52. edizioa ospatzen dihardugu eta domekara arte baserritar jantzita ibiltzeko aukera egongo da. Gero eta parte-hartzaileago diren ekitaldietan Klub Deportiboak herriko lagun eta elkarte asko mobilizatu ditu eta horretan inplikatutako jende guztiari esker jai giroa nagusituko da guztiz asteburu honetan.

Gaur Eibarko Bizikleta Plazan Kalian Jolasian ekitaldiak 5-8 urte bitarteko umeei eta euren guraso eta familiei zuzendutako euskarazko jolasekin ondo baino hobeto pasatzeko aukera emango die. Udaleko Euskara eta Gazteria sailak antolatutako ekitaldi horrek 17:00etan hasi eta 19:00ak arte iraungo du. Jarraian, eta plaza beretik abiatuta, 15 lagunez osatutako Burrunba elektrotxarangak herriaren erdiko kaleak girotuko ditu.

Bihar, goizeko 10:00etan hasita eta arratsaldeko 14:00ak arte, Artisau eta Baserritarren Azokak hartuko du Toribio Etxebarria kalea. Azoka horretan denetarik ikusteko “eta erosteko” aukera izango dugu, 31 stand izango baitira artisauen produktuak erakusten. Horietako 17, gainera, Eibarkoak dira, urte guztia eskuz egindako lanetan dihardutenak. Izango da ere parte hartzeko tailerrik: Sedaencolor-en artilezko eskulanak erakutsiko ditu egiten, adin ezberdinetakoentzat bi saiotan. Eibarko baserritarrak ere produktu freskoenak jarriko dituzte gure eskura: Gisasola, Loixola, Zelaikua, Mendigoitxi, Sumendixa Behekua, Mandiola Gaiñekua eta Sosola hor izango dira.

Eguerdi aldean, eta T. Etxebarriatik mugitu gabe, herri-kirolekin eta bertsolariekin gozatzeko aukera izango dugu. Jon Loiola, Jose Martin Bustinza “Tubi”, Irati Astondoa eta Irune Izkoren erakustaldiekin batera, Mogel Isasi, Aldatze eta Itziokoen arteko lehiak interesa sortuko du. Guzti hori osatzeko Aimar Goenaga eta Ane Zuazubizkar bertsolarien jarduna ez da faltako. Eta talo postua ere zain goiz osoan.

Zapatu arratsaldeko egitaraua Guridi tabernatik 19:00etan abiatuko den trikipoteoarekin hasiko da, 19:00etan. Untzagako karpan egingo den kantu-afariak jende asko batuko du 21:30ean eta bertan izango diren kantek eta dantzek luze joko dute, jendearen “aguantearen” arabera. Mugi Panderoak gidatuko du prestatutako kantuen saioa eta, jarraian, Jainaga eta Narbaizaren maisutasuna nagusituko da ondorengo erromerian.

Domeka egun handia da Eibarko Euskal Jaian, dantzan geratu barik jarduteko aukera eskaintzen duena. Eguerdiko 12:00etan Urkizutik Untzagarainoko kalejirak piztuko du eguna, talde guztiak, gaiteroak, joaldunak eta trikitilariak protagonista. Behin Untzagara helduta Ezpalak dantza tradizionalaren jaialdia hasiko da 12:30ean, oraingoan Zaldikoak gaiaren inguruko dantzak erakusteko.
Zaldi eta gizakiaren artean osatzen den izakiari zaldiko deitzen diote Nafarroan eta zamaltzain Zuberoan. Himalayako lurraldetaraino hedatzen da zaldiko hori, antzinako Greziako zentauro basati hark lagatako ondorio gisa. Maskaradetako eta ezkontzekin lotutako izaki mitologiko eta dantzaria ere bada kultura askotan. Hainbat segizio motari ere laguntzen die dantza mota horrek, izan jai-giroko, erlijioari lotutako edota ezpata-dantzetan. Mediterraneo aldean protagonismoa lortu du borroka-dantza genero bat osatzeraino. Bada funtzio horien guztietako adibideak izango dira Ezpalak jaialdian. Kezka Dantza Taldeak ekitaldirako prestatutakoa erakutsiko du eta eurekin izango dira Kataluniatik eta Frantziatik etorritakoen jauzi eta dantzak, Euskal Herriko beste ordezkarirekin batera. Okzitaniako Le chevalet de Cournonterral, Bartzelonako Esbart català de dansaires, Biarritzeko Maritzuli dantza-konpainia eta Beasaingo Aurtzaka dantza-taldea izango dira, Iruñako Dugunarekin batera, euren onena ematen Untzagan, bezperan Iruñean eskainitakoaren bigarren saioan. Ezpalak jaialdia 2006an antolatu zen lehen aldiz eta ordutik 12 edizio bizi izan ditugu: tartean makila-, arku-, zinta-, karaktere-, soka-, sorgin- eta ezpata-dantzak modukoak eskainiz.

Herri-bazkariak hartuko du horren lekukoa 14:30ean. Behin sabela beteta, tartetxoa laga eta astintzeko erreparorik gabe, erromeria hasiko da 17:00etan, Errebal taldearekin. Eta jaiarekin amaitzeko, “Gaixoa ni” bota aurretik, hor izango ditugu larrain-dantza saio biak, azken asteotan hain arrakastatsu izan den ikastaroan jasotakoa erakusleiho: 19:00etan Untzagan eta ordubete geroago Depor parean.