Eibarko 205 gerrako-umeen izenak bildu ditu Ego Ibarra batzordeak

Eibarko 205 gerrako-umeen izenak bildu ditu Ego Ibarra batzordeak
2012/04/04 eta kitto!

Gerra Zibileko ebakuazio espedizioetan joan ziren ume eibartarrei buruz Ego Ibarra batzordeak egindako ikerketa-lanari esker, 205 izen aurkitu dituzte hiru hilabeteko tartean. Horretan lagundu dieten pertsona, erakunde eta entitateak asko izan direla azpimarratu dute eta horiei guztiei euren esker ona helarazi nahi diete ikerketa-lanaren arduradunek. Jaso dituzten datuei jarraituta, ume gehienak Frantzian hartu zituztela ikusi dute: "Lurralde gertuena izateaz gain, errazago zen han sartzea. Frantzian koarentenan egon ondoren, Belgikara bidaltzen zituzten ume batzuk. Belgikan sartzeko aukera bi zeuden: Van Roey kardinalak sortutako “Oeuvre des Enfants Basques” organizazio katolikoaren bitartez sartzea edo Belgikako mugimendu sozialistaren laguntzari esker".
Erresuma Baturako espedizioa ere garrantzitsua izan zen: Santurtzitik 1937ko maiatzaren 21ean irten zen, 4.000 umerekin, tartean 21 eibartar. “Habana” trasatlantikoan bi egunez bidaiatu ondoren, Southampton-era ailegatu ziren espedizio honetako haurrak. Urte bereko ekainean, bestalde, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera beste espedizio bat irten zen Euskal Herritik. Ikerketaren inguruan gehiago irakurtzeko, Ego Ibarraren webgunera jo dezakezue.