Eibarko nagusiak ere primeran!

Eibarko nagusiak ere primeran!
2015/04/08 eta kitto!

Gaur (eguaztena, hilak 8) aurkeztu dute udaletxean egun gutxiren buruan, apirilaren 13tik 24ra bitartean garatuko den Pertsona Nagusien XXII. Hamabostaldia. Edizio honetarako goiburua aukeratzeko orduan, jubilatuek gure herriko foball taldearen adibideari jarraitu nahi izan diote eta "Eibarko Nagusiak ere, Primeran" izenburuaren inguruko egitaraua prestatu dute.
Datorren astelehenean, 12.00etan inauguratuko dute Hamabostaldia Portaleak hartuko duen ekitaldian. Egun berean inauguratuko dute Untzagako jubilatu etxean Imanol Elorzaren eskutik ikusgai egongo den Eibar-Barça erakusketa (astelehenetik barixakura, 19.15etatik 21.15etara eta zapatu eta domeketan, berriz, 12.00etatik 14.00etara). Egun berean, baina arratsaldeko 17.00etan mahai-jokoen txapelketa hasiko da Ipuruako jubilatu etxean. Apirilaren 14an (martitzenean) 11.00etatik aurrera toka, petanka eta igeltoka txapelketa jokatuko da Ipuruako bolatokian; 16.00etan San Andres zaharren egoitzakoei txokolatea emango diete; eta 19.00etan Juan Mari Narbaizak umorezko solasaldia eskainiko du Beheko Tokian. Apirilaren 16rako jubilatu etxe batetik bestera kalejiran joango dira Kaleetan Kantuz abesbatzakoak. Hurrengo egunerako Juan Luis Muguerzaren Oroimenez mendi ibilaldia antolatu dute, Usartzatik Arratera (irteera 10.00etan Urkizutik eta 10.15etan Ego Gaingo autobus geltokitik). Arraten, Gerra Zibilaren Interpretazio Zentrura bisita gidatua egin eta, jarraian, hamaiketakoa hartuta amaituko dute txangoa (5 euro, izen-ematea jubilatu etxeetan martxoaren 26a arte).
Egitarauan aurrera jarraituta, Eibar foball taldeari buruzko hitzaldi bi prestatu dituzte: apirilaren 20an, 19.00etan Beheko Tokian izango da lehena eta bigarrena hilaren 22an, 19.00etan Untzagako jubilatu etxean. Apirilaren 21ean, bestalde, Gasteizera txangoa egiteko aukera izango du nahi duenak: 09.30etan Egogaingo autobus geltokitik (09.35etan Beheko Tokitik) irten eta 10.30etan katedrala edo karten museoa bisitatuko dute. Eta bisitak amaituta, bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte (25 euro, sarrerak eta beste guztia barne; izen-ematea apirilaren 16a arte, jubilatu etxeetan). Eta egitaraua agurtzeko, urteroko moduan herri bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte Legarreko frontoian (7 euro, izen-ematea apirilaren 17ra arte jubilatu etxeetan).