Eibarko Patronatuaren itxiera argitu dute kalean geratu diren beharginek

Eibarko Patronatuaren itxiera argitu dute kalean geratu diren beharginek
2012/02/06 eta kitto!

Itxi berri duten Eibarko Patronatua Errehabilitazio Zentruko beharginek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Portalean, zentrua ixtearen arrazoiak argitzeko asmoz. Orain arte eta 1975az geroztik Osakidetzarekin izandako hitzarmenari esker, egunean 100dik gora laguni errehabilitazioa eskaintzen jardun duten zazpi lagunek lanpostua galdu dute zentrua ixtearekin batera, "Osakidetzarekin hitzarmena berritu ahal izateko dokumentazioa aurkezteko orduan izandako akatsarengatik. Gure zuzendariak 88 urte dauzka eta, behin baino gehiagotan arduretako batzuk beste norbaiten esku lagatzea eskatu arren, inork ez digu kasu egin eta inork ez du gainbegiratu zuzendariak egindakoa. Gauzak horrela, dokumentazioa aurkeztean betebeharreko baldintzak ez dira bete eta, juntakoek errekurtsoa aurkeztu eta ez onartzean, 40 eguneko epean gure burua kale gorrian ikusi dugu. Gainera, dirurik ez dagoela diote eta gutariko batzuk 30 urtez bertan beharrean jardun ostean dagokiguna ere ez dugu jasoko, FOGASAra bidali nahi gaituzte zuzenean". Beharginek argi laga nahi dute zentrua ixteak ez duela zerikusirik krisiarekin, beharrik ez zaielako inoiz faltatu eta "enpresaren aldetik sentitu duten babes eza izugarria" izan dela salatzearekin batera, bertara errehabilitaziora joandakoei eskerrik beroena eman nahi diete, "erakutsitako laguntasuna dela eta".