Ekitaldi ugari antolatu dituzte Eibar-Barça partidua girotzeko

Ekitaldi ugari antolatu dituzte Eibar-Barça partidua girotzeko
2015/03/13 eta kitto!

Zapatuan 18.00etan Ipuruan jokatuko den Eibar eta Bartzelona foball taldeen arteko partiduaren harira, biharko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, norgehiagoka hasi aurretik zein ostean herriko kaleak girotzeko asmoz. Eguerditik aurrera, 16.00ak arte umeendako gaztelu puzgarria egongo da anbulatorio parean eta Untzagan, berriz, umeendako txirrista eta gaztelu puzgarriak ipiniko dituzte. 13.00etan Eibarko zaletuak batuko dira, Ustekabe fanfarreak girotuta eta ordu erdi geroago, 13.30etatik 15.00etara Ustekabe zaletuekin batera kalejiran ibiliko da. 13.00ean hasiko dira baita ere The Joselontxo musika parranda taldearen kalejira eta Batukale taldearen batukada (Ego-Gainen hasita, San Juan kaletik jarraituko dute). 16.00etan musikaz girotutako kalejiran igoko dira Untzagatik Ipuruaraino eta, partidua amaitu ondoren, 20.30etatik 22.30etara kale antzerkia eskainiko dute Lekeitioko Deabruek.
Erakusketa Untzagan
Bestalde, Untzagako jubilatu etxeak, udalak babestuta, erakusketa antolatu du Eibar-Batzelona taldeen arteko norgehiagokaren harira. Gaur (barixakua, hilak 13) 19.30etan inauguratuko duten erakusketan Imanol Elorzaren oleo-erliebeak eta Mandiola Laguntaldeak bildutako argazkiak egongo dira ikusgai, hilaren 27ra arte eta, egun batzuetako atsedenaldia amaituta, apirilaren 10etik 24ra berriz zabalduko dute, astelehenetik barixakura 19.15etatik 21.15etara eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12.00etatik 14.00etara.