Gure historia bi erroberatan

Gure historia bi erroberatan
2017/09/15 eta kitto!
Bizikletak udarako dira... eta baita udazkenerako ere. Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko da bihartik, irailaren 16tik, hilaren 22ra arte, eta ekimenarekin bat egiteko asmoz, Udalak erakusketa berezia antolatu du Armagintzaren Museoan. 30. eta 80. hamarkaden artean Eibarren egindako bizikletak egongo dira ikusgai hilaren 19tik urriaren 1era, gure herriko historiaren zati garrantzitsua bi erroberatan daramatzaten bizikletak.

 

50 urtetan zehar, 30. etik 80. hamarkadara, Eibarren fabrikatutako 73 bizikleta erosi ditu Udalak bere fondorako. B.H., Orbea, G.A.C. Super Cil, Fenix, Iberia, Saeta, Invicta, Teide, Ciclos Mendi, Gamma, Ciclos Sabel, Borty eta Norma marken bizikletek osatzen dute bilduma, eta Bizkaia eta Kantabria inguruan bizi den gizon batek 20 urteren bueltan egindako bilketaren emaitza da.

Patxi Lejardi Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu digunez, “55.000 euroko kostua izan du bilduma eskuratzeak”. Zinegotziaren berbetan jende asko ibili da bizikleta sortaren atzean, baina Eibarko herriak erostea nahi zuen jabeak. “Adibidez, Orbeak pieza batzuk erosi nahi zituen, baina hori gertatuz gero, bilduma kili-kolo geratuko litzateke eta ez zuen hori nahi”, adierazi digu zinegotziak. Jabearen prestutasuna kontuan izanda, “dei bat egin genuen, bizikletak ikusi genituen eta ikusitakoarekin pozik bueltatu ginen. Udaleko komisioan galdetu eta bilduma erosteko onarpena jaso genuen”.

Bildumak 73 bizikleta baditu ere, horietako 28 egongo dira ikusgai hilaren 19an 19:00etan hasiko den erakusketan. “Museoko sarreran jarriko ditugu eta poliki-poliki berriak ateratzeko asmoa daukagu”, dio zinegotziak, “ez dagoelako denak batera erakusteko tokirik”. ‘Pedalei eragiten 50eko hamarkadari’ izena dauka erakusketak eta, aipatu bezala, erakusketan egongo diren bizikleta guztiak Eibarren sortutakoa dira.

Urte haietan Eibarren lantzen zenaren erakusle, mota askotariko bizikletek osatzen dute bilduma. “Umeei zuzendutakoak, tolesgarriak, lasterketakoak, emakumezkoenak, zorrotzaileak eramaten zuena... harribitxi asko dago!”, zinegotziaren ustetan. Gainera, 40. hamarkadan egindakoek badute bitxikeria bat Lejardik ohartarazi digunez. “Bizikletek txapa bat daukate estanpatuta aurreko aldean, damaskinatu itxura duena”, bizikleten izaera eibartarra areagotuz.

 

‘Pedaló’ filma Coliseoan

‘Pedalei eragiten 50eko hamarkadan’ erakusketaz gain, Udalak beste jarduera bat antolatu du Mugikortasunaren Europako Astearen inguruan eta Juan Palacios zinemagile eibartarraren ‘Pedaló’ filma egongo da ikusgai Coliseoan hilaren 21ean 20:30ean. 2016ko Donostiako Zinemaldiko Irizar Euskal Zinemarako Saria eskuratu zuen Palaciosek dokumental honi esker eta orain bere herrikideen aurrean aurkeztuko du filma.

2017ko Mugikortasunaren Europako Astearen gaia mugikortasun garbi, partekatu eta adimentsuan zentratu da eta ‘Partekatzeak urrutiago eramaten zaitu!’ da bere lema. Honen bitartez, konpartitutako mugikortasuna sustatu eta garraiobide garbien onurak azpimarratu nahi ditu Europar Batasunak, ekimenaren sortzaileak. Aste berezi honen baitan, gainera, ‘autorik gabeko eguna’ ospatuko da irailaren 22an.