Mende laurdena Eibarko bakailao onena prestatzen

Mende laurdena Eibarko bakailao onena prestatzen
2017/11/14 eta kitto!
Euskal Herriarekin lotura handia duen arraina da bakailaoa. Mendeetako harremanak batzen ditu biak, eta bakailaoa hemengo bizimoduaren parte da orain dela 600 urte. Gure herrian ere nabaria da bakailaoaren presentzia. Hor daukagu Bakailaoaren Kofradia, eta hor daukagu orain dela 25 urtetik hona egin den ‘San Andres Saria’ bakailao lehiaketa. Aurten, urteurren bereziaren aurrean, programa berezia antolatu dute Udalak, Kofradiak, eta gastronomia eta bakailaoa maite duten herriko hainbat eragilek.

 

Itsasoari begira hazi den herria izanik, euskaldunon bidea bakailaoarekin batuko zela ia seguru zen. Giovanni Caboto veneziarrak 1497an bakailao pila aurkitu zuen Ipar Atlantikora egindako bidaian eta horrek euskal arrantzaleen jarduna goitik behera aldatu zuen. Ordura arte eskala handian baleen ehizan ibili ostean, euskaldunek bakailaoan aurkitu zuten hurrengo mendeetarako espezie preziatuena.

Bakailaoaren eta euskaldunon ateko harremanaren berri ematera etorriko da Portaleara Xabier Alberdi. Historian doktorea da bera, eta bakailao eta euskaldunon historian zehar ibilbidea egingo du azaroaren 17an 19:30etan. Albaolako ikerkuntza guneko arduradunak lan handia egin du euskaldunok itsasoarekin dugun lotura historikoa aztertzen, eta bakailaoarekin dugun harremanaren hainbat zertzelada eskainiko dizkigu Portalean.

Hitzaldia doakoa izango da eta ‘Alkorta bakailaoen’ babesa izango du. Mireia Alonso gastronomoaren ekimenez izango dugu Alberdi gurean, eta hurrengo asteotan zehar egingo diren ekintzei hasiera kultural handia ematea da asmoa.

 

Pintxoak zuzenean

Sanandresetako bakailao lehiaketaren mende laurdenaren urteurrenean Bakailaoaren Kofradia eta berarekin elkarlanean ari direnak ez dira besoak gurutzaturik geratuko zita bereziaren aurrean. Tradizio handiko ekitaldiari beste berri bat gehitu diote Bakailaoaren Astean, maila handiko sukaldariak lanean zuzenean ikusteko aukera emango duen saioa: ‘Alcorta bakailaoak’ I. Pintxo Lehiaketa.

Hilaren 18an, zapatua, egingo da txapelketa udaletxeko patioan Hego Euskal Herriko lau probintzietako pintxo txapeldunekin eta Eibar, Ermua eta Elgoibarko irabazleekin. Hiru herri hauetako parte-hartzaileak zeintzuk diren erabakitzeko kanporaketa jokatuko da herri bakoitzean. Hilaren 8an Elgoibarko Txarriduna, San Roke, Viento Sur, Gabi eta King Kongek kanporaketa izan zuten; eta atzo Eibarko Ongi Etorri, Txoko, Kultu eta Bossa batetik, eta Ermuko Jai, Sagarra, Frankfurt, Giroa eta Mendiola bestetik izan ziren lehian aritu direnak. Gero, kanporaketetako irabazleak Hondarribiko Gran Sol, Durangoko Kobika, Gasteizko Borda Berri eta Nafarroako Baserri Berriren aurka arituko dira finalean.

Belaustegi jatetxeko Josu Muguerza, Mireia Alonso, Ramon Roteta sukaldaria, Jesus Portugal Lobiano Elkarteko kidea, eta Josema Azpeitia eta Aitor Buendia gastronomia-kazetariak izango dira lehiaketako epaileak. Buendiak adierazi digunez, “lehiaketa hauen magia” pintxoak zuzenean egingo direla da. Sukaldariek erabiltzen dituzten produktuak zeintzuk diren eta hauek nola erabiltzen dituzten ikustea da zuzenekoaren magia bere ustez. ‘Alcorta bakailaoekin’ produktuaren kalitatea “bermatuta” dagoela adierazten du kazetari eibartarrak, eta bakailaoa ondo aprobetxatu daitekeela pintxoak sortzeko orduan.

La Ruta Slow’ irratsaioa zuzentzen du Buendiak Radio Euskadi eta Radio Vitoria eta, gastronomiaz berba egiteaz gain, nazioarte ‘slow food’ mugimenduarekin jarraitzea da bere helburua. “Ona, garbia eta zuzena denari jarraitzen diogu”, adierazten digu, “hau da, jaten duguna produktu ona, kimikorik gabekoa (ahal den heinean ekologikoa) eta lan baldintza zuzenetan lortutakoa izatea”. ‘La Ruta Slow’-ek bere babesa eskainiko dio Bakailaoaren Asteari eta Buendia bera elkarlanean aritu da antolakuntzan, “pozik gainera, eibartarra izanik Eibarko ekintzetan parte hartzea zoragarria delako, bakailaoa oso gurea delako eta Bakailaoaren Kofradiarekin dudan lotura handia delako”.

 

Ume eta nagusien trebezia

Pintxoen ostean, Untzagak Eskolarteko Bakailao Lehiaketa hartuko du 19an 12:00etan. Belaunaldi berriek trebezia erakutsi dute bakailaoa prestatzen Mireia Alonsoren ustez, “harrobia dago”, eta gaztetxoek euren esku ona erakutsi ahal izango dute beste behin.

Aurreko egunetako gosegarrien ostean, 26an ospatuko da egun handia: XV. Bakailao Lehiaketa ‘San Andres saria’. 50 bikote batuko dira bertan Josu Mugerzaren, Urgain jatetxeko Xabier Osaren, Mireia Alonsoren, Luis Irizar eta Jesus Artola sukaldarien, Josema Azpeitia eta Aitor Buendiaren gustuko bakailaoa egiteko nahiarekin. “Parte-hartzaileetako batzuk benetako profesionalak dira”, Alonsoren ustetan. Gastronomoak faltan botatzen ditu lokatzezko kazolatxoak eta joera berriak ikusi ditu azken urteotan, “saltsa iragazkiaren laguntzarekin lotzea bezala”.

Izen-ematea hilaren 16ra arte egongo da zabalik www.eibar.eus webgunean, 010 edo 943708400 telefonoetara deituta edota Pegoran, eta prezioa 30 eurokoa izango da. Parte-hartzaileek, gero, hilaren 25ean 13:00ean jasoko dute Untzagan lehiaketan erabiliko duten bakailaoa.

 

Luis Irizarri omenaldia

Bakailao lehiaketan epaile moduan ibili ostean, Luis Irizar sukaldariak omenaldia jasoko du. Bere inizialak dituen damaskinatua jasoko du “euskal sukaldarien ‘aitak’”, Alonsoren berbetan. “Gurua da, sukaldaritzan oso errespetatua eta, gainera, ilusioa egiten dio hona etortzeak”. Habanan (Kuba) jaiotako sukaldari euskalduna sukaldari famatu askoren maisua izan da eta Michelin izarra jaso zuen lehen euskal sukaldaria izan zen Casa Nicolasarekin batera. Euskal sukaldaritzaren “patriarka” izendatu dute adituek eta “merezitako omenaldiak ari da jasotzen han eta hemen”, Alonsok adierazi digunez.

Eibarko Udalak antolatu du Bakailaoaren Astea eta Mireia Alonso buru-belarri aritu da elkarlanean. Hala ere, gastronomoak Juan Mari Lejardi ‘Pastor’ eta Jesús María Bustinduiren lana goraipatu du, “eurak barik ezin izango genuelako ezer egin. Lan altruista egiten dute eta kritika asko entzun behar izan dituzte, beraz, eskerrak eman behar dizkiet eurei eta eurekin lanean ari direnei”. Bestetik, ekimen honetan lagundu duten enpresei eskerrak eman nahi izan dizkie Mireia Alonsok. “Inoxibarrek, adibidez, bakailao lehiaketarako amantalak utzi dizkigu eta demasa da hori guretzat, benetan eskerrak emateko modukoa”. Guztioi esker piztu du bakailao gosea herrian.