Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira antolatutako egitaraua aurkeztu dute

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira antolatutako egitaraua aurkeztu dute
2017/03/29 eta kitto!
Gaur goizean emandako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta gurean egingo diren ekitaldiak. Miguel de los Toyos alkateak, Idoia Sarasketa Ego Ibarra batzordeburuak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” Kultura teknikariak aurkeztutako egitaraua apirilaren 25ean hasiko da, egun horretan Juan Pablo Fusi Aizpurua historialariak Coliseoan emango duen hitzaldiarekin. Aurreratu dutenez, katedratikoak gerra zibilari buruzko hausnarketa sakona egingo du.

Bestalde, Arrateko interpretazio zentroaren osagarri gisa mugikorrentzat sortutako aplikazioari gerra zibila herri barruan ezagutzeko ibilbideak gehituko dizkiote eta apirilaren 25etik aurrera eskuragarri ipiniko dituzte, nahi duenak doan jaitsi eta erabiltzeko aukera izateko. Horrekin batera, Egogain kalean (sasoi hartan O’Donell izena zuen kalean), Labaderokua gerra-babeslekuan bonba batek jo eta lurrean zulo ikaragarria zabaldu zen tokian, hori irudikatzen laguntzeko, joko bisual modukoa egiten duen teknikaz baliatuko dira.

bonbardaketa odonell_ojanguren

Hortik aurrera, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte apirilaren 30era arte: apirilaren 28an, Coliseoan, “Bonbardaketak 1937 Eibar. 80 urte” hitzaldi dramatizatua eskainiko dute Jesús Gutierrez historialariak, Nerea Arriola biolin-jotzaileak, Biraka Dantza Taldeak, Koro Gazteak, Kezka Dantza Taldeak, Lekim animazioak taldeak, Itzamna akademiak eta herriko antzezleek, guztira 100 bat lagunek. Apirilaren 29an, berriz, gerra aurreko Eibarko planoa marraztuko da klarionez Untzaga plazan eta gauean berriro eskainiko da Coliseoko  dramatizatua, baina oraingo honetan kalean, Untzagan, harmailen aldean. Egitaraua biribiltzeko, apirilaren 30ean Cielito musika bandak kontzertu berezia emango du Coliseoan, gerrako filmetako soinu-banda ezagunek osatutako egitarauari jarraituta.

Imprimir