Alfako beharginek zapaturako deitutako manifestazioan parte-hartzeko dei egiten diete herritarrei

Alfako beharginek zapaturako deitutako manifestazioan parte-hartzeko dei egiten diete herritarrei
2012/03/22 00:00
eta kitto!

Eguenean Arrate Kultur Elkartean egindako agerraldian, Alfako enpresa batzordeak biharko manifestazioa deitu duela eman zuen ezagutzera, otsailean egin zenaren bidetik: "Alfako zuzendaritzak, azken lan erreformaren babespean, soldata %10 jaitsi nahi die beharginei. Neurriak enpresaren etorkizunerako zein bertan dihardugunon lanpostuen etorkizunerako bermerik ez du eskaintzen, eta zuzendaritzak berak horrela aitortu digu". Enpresak duen benetako arazoa "aurrera eraman duten kudeaketa desegokia eta zorraren birfinantziazio eza" direla diote eta orain arte enpresako zuzendaritzak jarreran aldaketarik erakutsi ez duenez, datozen egunotarako mobilizazioak iragarri dituzte: horien artean lehenengoa zapatuan 13.00etan "Alfan inposaketarik ez! Erreformarik ez!" leloari jarraituta Untzagatik abiatuko den manifestazioa izango da. Horrekin batera, hilaren 27, 28 eta 30erako errelebo bakoitzean ordubeteko lanuzteak egingo direla aurreratu dute, hilaren 29rako lan-erreformaren kontra deituta dagoen greba orokorrari "babes osoa" emango diotela gaineratuta.