Enpleguaren alde zapatuan Bilbon egingo den manifestazioari babesa

Enpleguaren alde zapatuan Bilbon egingo den manifestazioari babesa
2013/03/07 eta kitto!

Gaur (eguena, hilak 7) Debabarreneko hainbat enpresatako beharginen ordezkariek agerraldia egin dute Kultun, zapatuan Bilbon enpleguaren defentsaren alde egingo dan manifestazioaren harira, deialdiarekin bat egiten dutela azaldu eta bertan irakurri duten manifestoari atxikitutako enpresa batzordeen berri emateko: Rodisa, Norma-Cie, Alfa Taldia, Alcorta Forging Group, Compresores ABC, RTS, Gorosabel, DMP, AGME, Spool Sistema, Autorreparaciones Deba, Mupena, Ascensores Beltran, Estampaciones Laga, Urrestarazu, Industrias FER, Etxepe, Alca, Alyco Tools eta Cometel (atzora artekoak, baina gehiago batzen joatea aurreikusten dute).
Zapatua Bilbon egingo den manifestazioa Jesusen Bihotzetik irtengo da 17.30etan eta Eibartik bertara joateko autobusa antolatu dute (Ego-Gainetik irtengo da 16.00etan). Izena emateko tokiak Alfa enpresa eta Karrika, Depor eta Areto tabernak dira. Jarraian atxikimenduak jasotzen diharduen manifestua oso-osorik irakur dezakezue:

Ez kaleratzerik, ez erreformarik, ez inposiziorik,


ENPLEGUA DEFENDA DEZAGUN
Espedienteak, enpresa itxierak, deslokalizazioak, soldata baxuagoak lan ordu gehiagoren truke... langileok pairatzen ari garen erasoa etengabekoa da eta gero eta bortitzagoa. Eta hau sektore guztietan gertatzen ari da: eraikuntzan, industrian, merkataritzan, ostalaritzan, sektore publikoan...
Azken honetan, gainera, pribatizazioek, enplegua kaskartzeaz gain, oinarrizko zerbitzuak kolokan jartzen ari dira. Egoera jasanezina da. Horregatik enpresa komite ezberdinetako langileok bat egin dugu, bakoitzak bere errealitatetik, gure enpresetan burutzen ari garen borrokak ez direlako, ez direlako izan behar, borroka indibidualak. Gero eta enpresa gehiagotan ari gara langileak egoera antzekoak pairatzen eta beharrezkoa ikusten dugu denok batera, bakoitza bere gatazka partikularretik, gatazka hauek guztiak kalera batera ateratzea.
Enpleguaren eta lan baldintzen kontrako erasoak lehen mailako arazo soziala dira. Gizarte osoaren kontra egiten ari dira, gizarte osoa ari direlako pobretzen eta miseriara kondenatzen. Eta langabezian geratuz gero: enplegurik lortzeko esperantzarik ez eta, gainera, langabezia prestazio gero eta murritzagoak agortu eta gero, ezer ere ez. Egoera benetan latzak bizitzen ari dira gure herrian.
Gobernuei enpleguaz hitz egiten entzuten diegu etengabean, baina praktikan ez da enplegu politika eraginkorrik egiten. Hau frogatzen duten datuak hor daude. Gaurko egoera aplikatzen ari diren politiken emaitza da, politika horiek patronalak egintzen dituen berberak direlako. Bide honetatik badakigu nora goazen: ez dago enplegu sortzerik, ez dago enplegu duinik, langabezia eta pobrezia gehiago baino, Grezian gertatu bezala:
• Lan erreforma aplikatzea enplegua suntsitzeko eta enplegua gero eta kaskarrago bihurtzeko modua da.
• Ez dago konponbiderik espedienteen arauketaren bitartez. Eremu pribatuan aspalditik erabiltzen dira eta eremu publikoan ere erabili ahalko dira aurrerantzean. Patronalari –pribatu eta publikoari nahi duen erara inposatzeko aukera eman zaio eta horretan enplegua suntsitzeko eta langileok mehatxatzeko aukera paregabea oparitu diote.
• Kaleratzeetara jotzen da enplegua banatu beharrean. Enplegu berria sortu eta lana banatu behar da denok lan egin ahal izan dezagun. Eta horretarako bideak egon badaude. Eta kaleratzeak mehatxu bezala erabiltzen dira soldata eta lan baldintza kaskarragoak inposatzeko.
Gure asmoa da ahalik eta komite gehien eta ahalik eta gizartearen sektore gehien atxikimendua biltzea, denok batera kaleratzeei, erreformari, inposaketei ezetz esateko eta enplegua defendatzeko. Denon borrokak bateratu nahi ditugu bakoitzaren borrokaren mesedetan eta patronalak eta instituzioek gure aldarrikapenak ozenago entzun ditzaten.
Gaurko borroka biharko enplegua. MANIFESTAZIOAK martxoaren 9an Bilbo, Jesusen Bihotzean, 17:30etan Iruñea, Autobusetatik, 18:00etan
COMITÉS DE EMPRESA EN LUCHA / LANGILE BATZORDEAK BORROKAN