Haudalan, lanaren hazia berriz ureztatzen

Haudalan, lanaren hazia berriz ureztatzen
2017/02/27 eta kitto!
Lana aurkitzea lana da, denbora eta ardura eskaini behar diozun jarduera. Lana bera baino astunagoa batzuetan, hurrengo egunak eskainiko duenaren ezjakintasunak sortutako egonezinaren ondorioz. Egoera horri aurrea hartu eta lanaren bidean jartzeko, Haudalan taldea osatu dute Eibarko 16 kidek, ekimen eta ilusioz lan merkatura itzultzeko asmoarekin.

 

Neguko goiz eguzkitsua da, udaberria izango balitz bezala. Eibarko kaleak bizirik daude, eguzki izpiek ematen duten energiaren poderioz, neguak eskainitako menia eskertuz. Markeskua jauregiko gela batean ere nabari da energia hori. Ez da eguzkirik, baina han batzen direnek sortzen dute giro berezia. Haudalan taldeko kideak batzen dira han.

Urte berriarekin hasi zuten euren jarduna Haudalanekoek, urtarrilaren 9an, eta datorren astean amaituko dute programa ofiziala. “Oso motza egin zaigu”, diote, “baina gure kabuz proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa daukagu”. Denbora honi zukua ateratzen saiatu dira, modu pertsonalean zein profesionalean garatzeko lan egin dute eta, hazi hori landatu eta ureztatu ostean, “fruituak jasotzeko sasoia heldu da”, hau da, lan mundura bueltatzea.

 

Profil anitz, helburu bakarra

Erdi eta goi-mailako ikasketak eta lan esperientzia zabala duten kideek osatzen dute Haudalan. Profil anitzeko profesionalak batzen dira bertan, “baina denak helburu bakarrarekin, lan munduan berriz sartzea”.

Ez dira iraupen luzeko langabetuak, “batzuk orain dela gutxira arte lanean ibili gara”, eta Eibarko Udalak eta Debegesak martxan jarritako ekimen honen aurretik ere “aktibo ibili gara”. Erakunde bi hauek sortutako Zu Zeu Gidari programaren barruan jaio da Haudalan, eta talde lanean helburu pertsonalak lortzeko bidean dira.

Daiteke Gizarte Aholkularitzaren gidaritzapean, “XXI. mendeko lan munduan trebatzeko tresnak landu ditugu”. Konpetentziak, trebetasunak eta gaitasunak garatu

dituzte, “eta taldean lan egin, besteengandik ikasi eta sinergiak sortzeko balio izan digu esperientzia honek”. Eurek aipatzen duten bezala, “bat gehi bat ez dira bi”.

Urteetako lan esperientziaren ostean, hainbat kiderentzat berria da lan bilaketan murgiltzea eta ikusi ahal izan dute gauzak asko aldatu direla. “Enpresek gaur egun eskatzen dutena ezagutu dugu eta gu geu ere horretara egokitu gara”. Norberaren ezagutza prozesutik igaro ostean, barruak biluztu eta jantzi berrituarekin ekin diote lanera itzultzeko ekintzari.

 

Koldo Saratxaga eta Pablo Aretxabalaren hitzaldia

Fruituak batzeko ordua heldu da Haudalaneko kideentzat, baina eurek ere eskaini nahi izan diete mokadutxo tentagarria inguruko enpresari, erakunde eta eragileei. Izan ere, martxoaren 2an K2K Emocionando taldeko Koldo Saratxaga eta Pablo Aretxabalaren hitzaldia antolatu dute Armeria Eskolako Areto Nagusian goizeko 11:00etan. Sarrera librea da, “eta enpresa munduko arduradunak gonbidatu nahi ditugu, batez ere, 2016ko euskal industria enpresen jardueraren inguruan egindako azterketaren ondorioak eta 2017ra begira dituzten erronkak azalduko dituztelako bertan”.

Ibilbide luze eta arrakastatsuko empresa gizona da Koldo Saratxaga, Irizar empresa mundu mailako enpresa berritzailenen artean kokatzea lortu zuena. “Aldeko eta kontrako iritziak sortzen ditu”, diote Haudalanekoek, baina enpresa jardueran “erlazio estilo berria” ezarri du eta “gogotsu gaude kontatuko duena entzuteko”.

Hitzaldira joan nahi duenak mezu elektronikoa bidali beharko du haudalan@gmail.com helbidera edo www.haudalan.com webgunean izena eman.