Uztailean eta irailean robotika eta bideojoko tailerrak egingo dira Eibarren eta eskualdeko beste herrietan

Uztailean eta irailean robotika eta bideojoko tailerrak egingo dira Eibarren eta eskualdeko beste herrietan
2017/06/28 eta kitto!
Debabarreneko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren alde egiten diharduten apustuaren baitan, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, hamar tailer teknologiko antolatu dituzte udarako eskualdeko herri ezberdinetan, tartean Eibarren.

Tailerrak Gazterobotika izena duen egitasmoaren barruan daude eta Eibarren uztailaren 17tik 21era eta abuztuaren 31tik irailaren 5era izango dira. Tailerrak DOPLAY enpresak emango ditu. Robotika alorrean LEGO MINDSTORMS EV3 plataformarekin egingo dute lan eta Bideojoko Sorkuntza alorrean SCRATCH softwarearekin. Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da (Udalek diruz lagundutako tailerrak dira). Plaza mugatuak dira. Izen-ematea zabalik da gazterobotika.eus webgunean. Informazio osoagoa: debegesa.eus

Haurrek irailaren 23an Astelena frontoian izango den Euskadiko eskola arteko lehen Robotika Txapelketan parte hartzeko aukera izago dute, horrela nahi izanez gero. Txapelketak robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du, doakoa eta Euskal Herriko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) "motibatzea" du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.

Gazterobotika egitasmoa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoa Sailak sustatu du, baina eskualdeko jarduera bihurtu da, gainerako udalerriek ere bat egin dutelako. Egitasmoaren helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea.

Udako tailerretan parte hartuko duten gaztetxoek txapelketan parte hartu ahal izango dute, eta eurek egindako lanak erakutsi.