“20 urte daramatzat okindegian ogia erosi barik”

“20 urte daramatzat okindegian ogia erosi barik”
2011/11/17 eta kitto!

-Zer da, zehazki, tailerrean egingo duzuena?
Bakoitzak bere ogia egingo du bertan.
-Nolako ezaugarria izango ditu, baina, ogiak?
Ez du gu erositako legamia erabiltzen, irina eta urarekin egiten dugu legamia. Gero, norbaitek gatza botatzea nahi badio, aurrera. Orduan, legamia guk egiten dugu. Probak egiteko, batzutan, legamia erabiltzen dugu, baina bestela dena izaten da guk etxean egindakoa. Etxean daukadan legamiak, adibidez, 3 urte ditu.Bbehin prestatzen da hori. Prozesu bat dauka horrek eta zainketa behar du: kontserbatu, elikatu… baina naturalki. Ez naiz beste ogiaren kontrakoa, baina okindegian ez dut ogia erosi orain dela 20 bat urte, beti Sosola baserrikoa erosi baitut. Gertatzen dena da orain dela 3 urte baserrikoek denbora batez, obrak zirela-eta, ezin zutela ogirik egin. Orduan neure buruari galdetu nion, “4-5 hilabete ogi hori erosi barik egon beharko naiz? Ba ez, niretzat naturalagoa dena nahi dut”. Eta nik egin nuen.
-Zein alde dago ogi mota bi horien artean?
Ogi naturalak ez dauka ezer berezirik, gertatzen dena da ez dela berdina. Erositako legamiarekin egindako ogi bat eta guk egiten dugun bat alderatzen badituzu, demaseko aldea dagoela ikusten duzu. Guztiz ezberdinak dira. Osasungarriagoa ere dela diote, baina hortaz ez daukat idearik ere. Zapore aldetik pasada bat da. Ikastaroetan, adibidez, badago erositako legamiarekin egiten duen jendea, eta demaseko aldea dagoela ikusten dute. Gainera, askoz ere denbora gehiago irauten du. Etxean bi gara eta nik kiloko ogiak egiten ditut; ba astebete irauten digu ogi batek. Noski pixkanaka gogortzen dela, baina ez duzu bertan haginik lagatzen. Badauka azido puntu bat, agian denei gustatzen ez zaiena, baina hori konpondu daiteke hainbat teknikaren bidez.
-Bakoitzak bere etxean egin ditzake ogi horiek edo material berezia behar da prestatzeko?
Nik etxean egiten dut. Nire labeak 20 bat urte dauzka, edozein etxetan daudenen antzekoa. Gero, irina eta ura erabiltzen ditut, bol bat dena nahasteko eta lehen fermentazioa egiteko, eta bigarrena balde batean egiten dut. Orea hartu eta labean sartzen duzu ondoren. Prozesua luzea da, baina gero eta luzeagoa izan, ogia hobeagoa izango da. Ulertzen dut okindegiek egiten dutena, negozio bat delako eta etekinak atera behar dituztelako. Beraz, ez da gauza bera astean 3-4 ogi egitea edo gau batean 200-400 kg. Zentzu horetan, ulertzen dut batzuk asko arriskatzen dutela negozioa egiteko orduan, batzuetan gehiegi. Soldatak ordaindu behar dituzte eta abar, ulertzen dut, baina niri ez zait gustatzen, beste gauza baten bila noa. Ez dut aurkitzen nik nahi dudana, beraz nik egiten dut ogia. Gaur egin dezaket integrala, bihar zuria, edo alemaniarra, suediarra… dena-delakoa. Teba eta biok hortan dihardugu. Bera dietista-nutrizionista da, Barakaldoko ikerketa taldean dago eta berak erantzuten ditu galdera teknikoak.
-Ogi mota ezberdinak egiten dituzuela ikus daiteke zuen blogean (ogi-ogia.blogspot.com).
Normalean ogi bera edo antzekoa egiten duzu. Adibidez, nik ogia zuria egiten dut, baina beti botatzen diot integral protzentai txiki bat. Frogak egitea gustatzen zait, hala ere. Teba da froga gehien egiten dituena. Berari ogi alemana gustatzen zaio, oso osagai asko dituena, eta niri arruntagoak gustatzen zaizkit. Nik teknika zaintzen dut batez ere eta froga asko egiten ditut legamiarekin.
-Egindako ogiak zuentzat dira edo saldu egiten dituzue?
Ez, guretzat dira, ikastolakoentzat (han egiten baitut lan), koadrilakoentzat, ezagunentzat… baina ez ditugu saltzen. Ogia elkarbanatzen dugu jendearen iritzia jakiteko. Hasieran niretzat ogi oso ona zena egiten nuen, baina ez nekien jendeak zer iritzi izango zuen. Bestetik, Madrilera, Bartzelonara eta ogi-lagunak ditugun beste leku batzutara mugitzen gara. Ideiak elkarbanatzen ditugu, eta ogia buruan daukatenekin egotean asko ikasten da. Errotak eta okindegiak ikustera ere joaten gara. Okindegietan denetarik ikusi izan dugu: batzuk negozioaren bila doaz soilik, baina beste batzuk gure antzeko ogiak egiten dituzte. Horrela, azken hauek aukera biak eskaintzen dituzte, baina hemen ez dago horrelakorik. Teba eta biok lagunei gure ogia probatzen ematen diegunean asko gustatzen zaie, baina hemen ezin da horrelakorik lortu, Sosolan bakarrik.
-Ez dago hain eskura?
Sosolak saltzen ditu ogiak hainbat okindegi eta belar-dendetan, baina baliteke jendeak ez jakitea.
-Garestiagoa da ogi naturala egitea?
Ez dut uste, baina nik gutxienez badakit zer erabiltzen dudan hori egiteko; bestetik, erosterakoan ez dakit zer erosten dudan.
-Non lortzen dituzue ogia egiteko osagaiak?
Irin ekologikoa besterik ez dugu erabiltzen. Arabako ekoizle batzuri erosten diegu, baina orain arte Albacete eta Zamoratik ekarri izan dugu. Beste osagaiak belar-dendetan lortzen ditugu. Gero, danetarik egiten duzu. Nire loibek pizza egiteko esaten zidaten, orduan, pizza bati jartzen dizkiozun osagai guztiak ogi barruan sartu nituen. Ogiak irina eta likido bat behar du, normalean ura erabiltzen da, baina beste edozein izan daiteke. Sagar-zukuarekin eta ardoarekin egin izan ditugu ogiak. Orain neguko menu bat ogian sartzen da nire asmoa, porru-patatak eta odolostea, ea zer ateratzen den!
-Ikastaroen ondorioz animatu da jendea bakoitza bere ogia egitera?
Ikastaroetan apunte batzuk pasatzen ditugu, bakoitzak bere etxean eskura izan dezan sortze-prozesua zer den, eta gure helbide elektronikoa ere jartzen dugu bertan zalantzak argitzeko. Bestetik, badago ogia egiten duen jendea, baina orai metodo honekin egiten ikasi nahi dute. Gauza da metodoa oso luzea dela. Ogia egiten hasten naizeneteik amaitu arte 8 ordu pasatzen dira. Lan fisikoa ez da 20 minutura heltzen, baina prozesua oso luzea da, fermentazio denborak oso luzeak dira. Ni kalera noa, etxean prestatzen lagatzen dut, alarma ipini eta behar denean bueltatu egiten naiz
-Usain gozoa egongo da ba etxean.
Pegoran esaten didate: “hemen nonbaiten ogia egiten dutela uste dut” (barreak).