“240 urtetakoa izan daiteke bizi-itxaropena mende erdian

“240 urtetakoa izan daiteke bizi-itxaropena mende erdian
2012/01/20 eta kitto!

-Askotan erabili den kontzeptua da, baina zer da Giza Genoma?
DNAn (molekula oso luzea dena) genei buruzko informazio guztia daukagu, eta horren sekuentzia genoma da; gizakien kasuan, Giza Genoma. Zelula guztietan dagoen molekula bat da, izaki bizia sortzeko behar diren beste molekula guztiak sortzeko informazioa duena. Enbrioi garapena hasten denetik izakia hiltzen denera arte, zelulek etengabe irakurtzen dihardute Genoma momentu bakoitzean behar dutena fabrikatzeko. Azken finean, oso molekula sinplea da, baina argibide-liburu bat bezalakoa, funtzionatzeko behar dugun informazioa duelako.
-Giza Genomaren bitartez funtzionatzen du beste guztiak, orduan?
Horrela da. Denak funtzionatzen du, baina beste guztia existitzeko, aurretik fabrikatu egin behar da, eta argibideak jarraituz fabrikatzen da, Genomak dioena jarraituz.
-2001ean egin zen Giza Genomaren lehen irakurketa.
Bai, beti geratzen dira hutsuneak, baino osoki 2001ean amaitu zen bere irakurketa egiten. Zer den hori? Giza Genoma osatzen duten letra guztiak irakurri zirela. Genoma letrekin irudikatu daiteke, lau letrako alfabetoa bezala, lau direlako Genoma osatzen duten molekulak.
-Sentsazioa da, hala ere, ez direla Giza Genoma irakurri zenean sortutako itxaropenak bete.
Irakurketaren amaiketaren berria zabaldu zenean, “badugu argibide-liburua”, esan zen, teorian hor dagoelako ea gaixotasunak zergatik garatzen ditugun, ilearen eta begien kolorea, kolesterola eta pertsonen biologian eragina duten gauza guztien informazioa. Beraz, hori jakinda, berehala gaixotasunak sendatzea pentsatzen zen. Orain irakurketaren 10 urte bete dira, balantzea egin da eta ikusi da ez garela espero bezain urruti iritsi hainbat arrazoigatik. Batez ere, pertsona ezberdinetan azterketa egiten hasi zelako, eta irakurritako Giza Genoma sekuentzia ideala zelako. Pertsona bakoitza ezberdina da, eta denok Giza Genoma badugu ere, ezberdina da kasu bakoitzean, klonak izango ginatekeelako bestela. Pertsona ezberdinetan Genoma aztertzen hastean ikusi ziren ezberdintzen gaituzten letrak, gaixotasunak garatzeko joera ezberdinak edukiarazten gaituztenak. Orduan, ikerlariak ahalegindu ziren erlazionatzen letra zehatz batzuk (pertsona batetik bestera aldatzen direnak), pertsona horiek gaixotasun zehatz batzuk izateko zuten joerarekin. 10 urte hauetan letra guzti horiek katalogatu eta erlazionatzen saiatu dira pertsonek gaixotasun bat edo beste jasateko duten joerarekin. Metodologikoki oso gauza zaila zen eta horregatik behar izan du hainbeste denbora. Zerbait egitea lortu da, baina lortu diren emaitzak garrantzia gutxiago dituztenak izan dira. Aldaera arraroenak aurkitzea falta da, zuk dituzun momentuan arrisku maila altua aurreikusten dituztenak.
-Epe-motzean aurreikusten da zentzu horretan emaitzaren bat lortzea?
Edonor sendagilearengana doanean ez diote Genoma begiratzen, ez dagoelako informazio nahikoa horren gainean. Aldaera arraroenak aurkitzean edo horiek dituzten konbinazioak, erabilera handia izango du. Adibidez, sendagilearengana joatean edo jaiotzeko momentuan bizitzan zehar izan ditzakezun arriskuak esan ahalko dizkizute fidagarritasun handiarekin. Elikadura eta bizitzan zehar izan ditzakeen beste faktoreak kontuan hartu barik. Horregatik gaur egun ez da klinika mailan erabiltzen, baina 10 urte barru egin ahal izango da.
-Baina aurreikusi daitezkeen arazo guztientzako erremedioak existitzen dira?
Gauza batzuentzat bai, beste batzuentzat ez. Hau arazo handia da, lehen urteetan gauzak fidagarritasun handiarekin aurreikusi ahal izango direlako (40 urterekin kantzerra edukiko duzula, adibidez) eta honelako hainbat gauzek konponbidea dutelako, baina beste batzuk ez. Gaixotasun bat jasateko arrisku handia duzula eta hori konpontzeko aukerarik ez duzula jakiteak, antsietatea sortu eta pertsonen bizitza alda dezake. Horren aurrean, nik proposatzen dut, adibidez, zuri diabetesa jasateko arriskua eragiten dizuten letrak aldatzea, arazoa konponduko zelarik. Hori orain ezin da egin, baina agertzen ari da hori egiteko teknologia. Arratoi eta animalietan gaixotasun genetikoak sendatu dira Genomaren letra bat aldatuz. 10 urte barru, Genomaren informazioa aplikatu ahal izango denean, konpontzeko teknologiak garatuta egotea espero da. Urte batzuetan, hala ere, gehiegizko informazioak efektu negatiboak sor dezake jendearengan.
-Hitzaldian medikuntzan Genomaren erabilerak sor dezakeen bizitza-luzeraren hazkundea komentatuko duzu. Zein zifrataz egin dezakegu berba?
Aurretik aipatutako guztiarekin, gaixotasunak aurrekusi daitezke, horietariko asko zahartzearekin lotura duten gaixotasunak direlarik. Orduan, aurreikusi eta modu batean prebenitu ahal badituzu, pertsonen bizi-iraupenean eragingo duzu. Bestetik, mende erdialderako Genomen letrak zuzentzen duen teknologia badaukagu, jendea zahartu egin ahal izango da kantzerra, alzheimerra edo parkinsona jasan gabe. Orduan, mendearen erdian pertsona batek jaiotzetik duen bizi-esperantza 120 bat urtetako izan daiteke. Baita ere, birsorkuntza-medikuntzaren kontua dago. Horrela, zelula zaharrak aldatu egin ahal izango dira berriengatik zelula amen bitartez (arratoiekin aurten egin dira saioak). Guzti honekin, 120 urteko bizi-esperantza 240 urtera pasa daiteke.
-Horrek dakartzan arazo sozialekin, iraunkortasun arazoekin…
Arazo sozialez gain (zenbat urtez egin beharko duen lan jendeak, zenbatez ikasi…), eta Lurrak jende asko barne hartu dezakela ematen badu ere, ingurugiroari sor diezaiokeen arazoa jartzen da hor agerian. Pentsatu behar da, hala ere, 80 urtetan energia garbia lortzeko bideak asmatuko direla, itsasoak kutsatzeari utzi… edo Ilargira bizitzera joan, pentsatu izan delako han koloniak sortzea. Baina tira, ezin dugu jakin oraindik.