Maialen Lado eta Olatz Mandiola: “Aginagako jaietan umeen jolasak antolatzen ditugu eta edozertan laguntzen dugu”

Maialen Lado eta Olatz Mandiola: “Aginagako jaietan umeen jolasak antolatzen ditugu eta edozertan laguntzen dugu”
2017/09/29 eta kitto!
Aginaga auzokoak dira Maialen Lado Gisasola (16 urte) eta Olatz Mandiola (18 urte). Betidanik ilusio handiarekin hartu dute parte euren auzoko jaietan, eta azken urteetan umeen jolasak antolatzeko ardura hartu dute. Gogo handiz dihardute eta jaietan auzora joaten diren haurrak primeran pasatzea da gazte hauen asmoa. Gaur, barixakua, ospatuko da San Miguel eguna Aginagan eta asteburu osoan izango dira ekitaldiak (egitaraua 28. orrialdean).

– Aginaga auzokoak zarete biak. Zelan hartzen duzue parte San Miguel jaietan?
Umeen jolasak antolatzen eta prestatzen ditugu. Txokolate-jana banatzen dugu eta afarian ere laguntzen dugu. Azkenean denak auzokoak gara eta edozertan lagundu eta ekitaldietan parte hartzen dugu (bazkaria, afaria, erromeria, briska txapelketa, Gorritiren abereak, giza-proba...). Dena dela, gehienbat umeen jolasak antolatzen ibiltzen gara. Bertan daukagunarekin, tokia aprobetxatuz eta haurrek nahi dutena kontuan hartua, gauza desberdinak egiten ditugu: aulkien jolasa,  kaskara batzea, arraultzaren jolasa... Azken bi urteetan ginkana prestatzen hasi gara, bi talde sortzen ditugu eta eliza inguruan ibiltzen gara.
– Nongoak dira jolasetan parte hartzen duten umeak?
Jaietara urtero etortzen direnak izaten dira, inguruko auzoetako umeak gehienbat. Markinatik eta Eibartik ere etortzen dira batzuk.
– Zelan hasi zineten parte hartzen?
Auzoan elkarte bat dago eta guztiek laguntzen dute jaietan. Hala ere,  antolaketaren ardura txandakatuz joaten da elkarteko kideen artean. Orain dela hiru urte edo, gure gurasoei egokitu zitzaienean hasi ginen gu jolasak antolatzen. Beti egon dira, nagusiek antolatuta, baina gutxi egiten ziren. Orain, umeentzako jarduerei garrantzi handiagoa ematen saiatzen ari gara. Azken finean umeek pisu handia daukate (gazteak ia ez dira egoten), eta guregana etortzen diren umeei gauza erakargarriak eskaintzea inportantea deritzogu. Helburua eurak ondo pasatzea da, eta, horregatik, daukaten gogoaren arabera inprobisatu egiten dugu. Gu txikiak ginenean ilusio handiarekin bizi izan genituen jaiak, eta umeen artean ilusio hori mantendu nahi dugu. Ez dugu nahi hori galtzea.
– Biak ikasleak zarete (Maialenek La Salle-Azitainen dihardu eta Olatz ingeniaritza hasi da ikasten Arrasaten), eta oraindik ez duzue gidatzen. Zelan konpontzen zarete egunero gora ta behera ibiltzeko?
Alde txarra distantzia da, apurtxo bat urruti dago eta beti kotxearen menpe egon behar gara.  Gurasoak, osaba-izebak, auzokoak... aukera guztiak aprobetxatzen ditugu jaisteko eta igotzeko.  Dena dela, abantaila asko ditu baserrian bizitzeak: bistak, lasaitasuna, beste askatasun bat daukazu... Nahiago dugu baserrian bizitzea, ohituta gaude eta ez daukagu aspertzeko astirik.