Aitor Fernandez de Pinedo, Hezkuntza Plataformen Topaguneko kidea: "Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidea itxi nahi du LOMCE-k"

Aitor Fernandez de Pinedo, Hezkuntza Plataformen Topaguneko kidea: "Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidea itxi nahi du LOMCE-k"
2015/01/16 eta kitto!

- Zeintzuk dira legearekin etorriko diren aldaketa nagusiak eta nolako eragina izango dute?
Euskaldunon ikusmiratik, gure nortasuna eta kultura Hezkuntza Sistema propio baten bidez gara dezagun oztopoa baino ez da LOMCE. Ez du gure errealitatea aintzat hartzen eta zentralizazioa eta doktrinamenduaz baliatzen da 40 urteko atzerakada bultzatzeko. Hezkuntza Sistema propioa eraiki dezagun bidea itxi egin nahi du eta hezkuntza komunitatea osatzen duten kolektibo guztiengan izango du eragina. Ikasleen ibilbide akademikoa oztopo-lasterketa bihurtuko du, hezkuntzako profesionalen lana errebalida ezberdinetan neurtuko diren emaitzak bermatzera mugatuz. Gurasoek ere gertutik jasango dituzte erreformaren ondorioak.

- Hasita dagoen ikasturte honetan aldaketarik eragin du?
Jakina. Baina ez da egun batetik besterako aldaketa bortitza izan. Prozedura zirimiri moduan, apurka apurka ari da gauzatzen. Adibidez, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek pasatu beharreko lehen proba abiatuko du Jaurlaritzak ikasturte hau amaitu baino lehen. Esperientzia pilotu bezala aurkeztuko badute ere, aurrera begirako jarraibidea izango da. Hezkuntza lege berriaren oinarria izan behar zuen Heziberri 2020 prozedura, bestalde, LOMCEren garaperako erreminta bihurtu du Hezkutza Sailburuak. Curriculum propioaren garapena izan behar zuenak, Madrilgo ikusmira hartu du ardatz gisa.

- Badago legea ez aplikatzeko modurik?
Hezkuntza Plataformen Topagunean argi dugu ez dugula inongo inposaketarik onartuko. Nahiko hedatuta dagoen legearen kontrako jarrera hori, LOMCE ez aplikatzeko konpromiso kolektibo bihurtu nahi dugu.

- "LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko" izenburuko gidan zer planteatzen duzue?
Abenduan saio praktikoa burutu genuen Durangon, "Gure gida" txosteneko hausnarketatik abiatuta indarrean dauden hainbat egoerentzat erantzunak eratzeko. LHko 3. mailakoen probaren aurrean bidera daitezkeen erantzun kolektiboak, edo etapa horretako irakasgaien antolaketa berriari erantzunez, ingurumenean adibidez, irakasleek ebaluatzeko eta gurasoek desadostasuna agertzeko erabili ditzaketen formulak aztertu genituen, besteak beste. Erantzun praktiko guztiak bilduko dituen gida aurkeztuko dugu laster .

- Gairekin kezka handia dago?
Halako erreforma sakon batek herritar guztien egunerokoan eragiten du eta, norberak bere burua LOMCEren zurrunbiloan ikustean, zerbait egiteko grina pizten da barrutik. Hezkuntza komunitateko eragile guztiak aurka azaldu dira. Horrek sekulako indar potentziala badu ere, Hezkuntza Sailak zabaldu duen lasaitasunerako mezuak eta gurasoei emandako informazio urriak, jendearen ezinegona epeldu du sarritan eta, hainbat hitzalditan, oinarrizko informazioa ematean, begi-bistakoak dira jendearengan sortzen diren harridura eta haserrea. Guk hausnarketarako gonbitea luzatzen dugu hitzaldietan. LOMCE bezalako lege batek gure herriaren etorkizunari begira dakartzan eraso eta arriskuak mahai gainean jarrita, Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean indarrak batzeko gonbitea luzatzen dugu.