Aitor Zabala (Erlemundua): “Ardoarekin egiten den bezala, ezti mota asko dastatzen joango gara”

Aitor Zabala (Erlemundua): “Ardoarekin egiten den bezala, ezti mota asko dastatzen joango gara”
2015/02/13 00:00
eta kitto!

- Zer eskainiko duzu Eibarko ezti dastaketan?
Helburua eztiaren inguruan aritzea da. Erleen gainean hitz egiten hasiko gara: erleen bizimodua eta erlaintzari buruz jardungo dugu. Erleek eztia nola ekoizten duten eta guk eztia abarasketatik nola ateratzen eta, ondoren, nola ontziratzen dugun ikusiko dugu. Ondoren egingo dugun dastaketan, ardoarekin egiten den bezala, eztiaren ezaugarri nabarmenak aztertzen joango gara: kristalizazioa, usaina, zaporea...

- Dastaketan zenbat ezti-mota egongo dira?
Ardoarekin gertatzen den bezala, ezti mota asko dago. Guk sei mota desberdin dastatuko ditugu. Lore bakarrekoak eta lore anitzekoak (milalore) izango ditugu. Lore bakarrekoa ia bere osotasunean lore mota baten nektarraz osatutako eztia da, eta hemen gaztaina, akazia edo erromero loreez egindako eztiak izango ditugu dastagai. Etortzen den jendeari ezti guzti hauek nola dastatu azalduko diot, eta, dastatu ahala, fitxa batzuk betetzen joango gara.

- Zeintzuk dira eztiaren onurak?
Eztia produktu guztiz naturala da eta bere propietate fisiko-kimikoengatik ez du inongo tratamendurik behar, ondo ekoiztu bada. Aintzinatik gaitz asko sendatzeko erabili da eztia; katarroak, gripea eta eztarriko mina sendatzeaz gain, oso ona da beste gauza batzutarako. Esate baterako, zikatrizazioan indar handia du. Gainera, bakterien kontrako sendagarri bezala ere oso ona da: oso gozoa denez, bakteriak hil egiten ditu. Kremetan ere asko erabiltzen da propietate nutritibo ugari dituelako.

- Zer da Erleimundua eta nolako lana egiten duzue?
Erleekin eta erlezaintzarekin zerikusia daukaten lanak egiten ditugu. Erlategiak zaindu eta, eztiaz gain, beste produktu batzuk ere ekoizten eta saltzen ditugu: propoleoa, polena, xaboiak, ukenduak, kandelak...; gainera, beste zebitzu batzuk ere eskaintzen ditugu: dibulgazioa, hitzaldiak, erakusketak... Gure erlategiak zaintzeaz gain, nahi izanez gero, besteen erlategiak zaintzen ditugu, erle osasuntsu batekin lan egin  dezaten (Polinizazio aktiboa nekazaritzarako, natur eskolak…).