"Aizkorri, neguko altxorra" hitzaldia eskainiko du datorren astean Xabi Mujika “Smithy"-ek Portalean (elkarrizketa)

"Aizkorri, neguko altxorra" hitzaldia eskainiko du datorren astean Xabi Mujika “Smithy"-ek Portalean (elkarrizketa)
2017/03/16 eta kitto!
“Tarteka mendizalea, tarteka eskalatzailea, tarteka dietista eta tarteka erizaina”. Horrela definitzen du bere burua Xabi Mujika ordiziarrak. Datorren martitzenean Portalean eskainiko duen hitzaldian (19:00etan) Aizkorriko neguko kanalak deskubritzeko aukera eskainiko digu. Mendi Jardunaldien barruan antolatutako ekitaldian  Gipuzkoako mendi garaienak gordeta duen altxorrari begirada berezia botatzeko unearekin gozatzeko parada izango dugu.

– “Aizkorri, neguko altxorra” euskerazko hitzaldia eskainiko duzu. Zer nahi duzu isladatzea bertan?
Aizkorrik bi aurpegi dituela: hegoaldeko malda leunek urak goxo-goxo Mediterraneora eramaten dituzten bitartean, iparraldeko kareharrizko horma bertikalak gailurrak babestu eta euretatik bortizki erortzen direla ibilgune basatian, Kantauri itsasoan amaitzeko. Hango bideek ere bi isurialde horien itxura dute: hegoaldeko ohiko bideak goxoak diren bitartean, iparraldeko kareharrizko hormak gotorleku bezala dihardute.

– Eta iparraldeko horma bertikal horiei eutsiko diezu batez ere, ezta? Neguak Aizkorri zein desberdin egiten duen nabarmentzeko asmoz...
Aizkorri zuriz janzten denean urak osatzen dituen erretenak, elur jausi eta harkaitzak elurrez estaltzen dira. Orduan kranpoi eta pioleta atera eta kareharrizko hormetatik igotzeko aukera ematen digu, urtean zehar mendizaleoi itxitako ateak irekiko balitu bezala.  Jakinda sasoi tarte hori ez dela denboran luzea izaten; horregatik erakutsi nahi ditut kanal horiek, askorentzat ezkutuan dagoen altxor hori ezagutzea merezi duelako.

– Neguan bereziagoa izateaz gain, beste mendietatik desberdintzen duten zein balore ditu Aizkorrik?
Batez ere, etxetik gertu dagoela; eta halakoen bila ez duzula zertan Pirinioetaraino joan, bidean 3-4 ordu galtzeko. Euskal Herrian bertan dugu altxor hau. Gainera, Pirinioetako korredoreetan aurkitu ezin duzuna eskaintzen dizu: oso abaniko zabala. Teknikoki, hasi errazenetik eta zailenera heltzeko, denetariko ibilbideak egin ditzakezu.

– Aizkorrira zenbat aldiz igo duzun... zenbaezina izango da.
Aurrekoan anaiarekin jardun nuen horren inguruan eta elkarrekin neguan 25/30 bide ezberdin egin ditugula kalkulatu genuen. Nahiko baliatu gara egun gutxi horiek eskaintzen dizkiguten aukeraz.

– Zein bide gomendatzen diezu mendizaleei, zerekin gozatzea?
Bat baino gehiago dago, jakina! Behin raketak albo batera laga eta, kranpoiak eta pioleta hartuta, horrelakoetan sartu nahi duen hasiberriak aukera mordoa du, kanal handia gainera gailurrean amaitzen delako. Nik esango nuke alpinismoan hasi garen inguruko gehienontzat kanal hori izan dela gure lehenengoa. Hasiberrientzat ezin aproposagoa da eta, behin gora helduta, ez dira gutxi beheranzkoan eskiekin jaisten direnak ere.