ALBERTO ALCELAY: “Animatzeko, lehenik aktuazioa egin behar duzu ispilu aurrean”

ALBERTO ALCELAY: “Animatzeko, lehenik aktuazioa egin behar duzu ispilu aurrean”
2012/02/09 eta kitto!

-Lehenik eta behin, zorionak Oscarraren izendapenarengatik. Zer sentitzen duzu horren aurrean?
Poztasuna! Pozgarria da beti zuk parte-hartu duzun lanek sariak jasotzea.
-Chico y Rita-k Goya saria jaso zuen, Europako Zine Sarietan ere… Oscar sarietan izendatua izango zela espero zenuten?
Egia esan, ez. Izan ere, ez da normala Oskarretan helduentzako animaziozko pelikulak izendatzea, are gutxiago estatu espainiarrekoak.
-Los Angelesera joango zara Oskarretako alfonbra gorrian paseatzera?
Ez, ez naiz joango. Ni pelikulako pertsonaien animatzailea izan naiz, eta proiektuaren aurpegi ezagunak errealizatzaileak eta ekoizleak dira.
-Zein izan da zure lana filmean?
Hasiera batean, eta hainbat hilabetez, animazio lerroaren bila ibili nintzen Mariscalek Bartzelonan duen estudioan, gero horri jarraituko zitzaiolarik pelikularen ekoizpenean. Ondoren, urte erdiz pelikularen animatzaile lanak egin ditut filmeko 14 edo 15 eszena eginez.
-Nolakoa izan zen pelikularen sorkuntza edo grabazioa?
Lehen pausua eszenen irudi erreala grabatzea izan zen. Ondoren, horren gainean irudi errealaren eta animazio tradizionalaren hibridoa bilatzen (rotoskopia deritzona) egin genuen lan animatzaileek.
-Nolako esperientzia izan da Mariscal eta Fernando Trueba bezalako jendearekin lan egitea?
Hainbat hilabetetan zehar sei pertsonatako talde batetan egin nuen lan, horien artean Mariscal eta bere anai Tono zeudelarik. Mariscal pertsonai xelebrea da. Trueba, bestetik, lehen filmaren lehen frogak egiten genbiltzanean aurkeztu zidaten, eta ordutik beste aldi bitan ikusi nuen, ez zelako asko pasatzen handik.
-Chico eta Rita-rekin lortu zenuena ez da, hala ere, zuk lortutako lehen Goya saria. Izan ere, El Cid filmarekin ere lortu zenuen bat. Zer gogoratzen duzu pelikula hartaz? Oso ezberdina izan zen Chico y Rita-rekin alderatuz?
El Cid-en egin nuen kolaborazioa txikiagoa izan zen, bakarrik hainbat eszena egin bainituen kanpoko estudio batetik.
-Animatzaileek bizitza ematen diezue marrazkiei. Aktore bat izkutatzen da zure barrenean?
Suposatzen dut hori egia dela zentzu batean, izan ere, animazioa egiteko momentuan aktuazio txiki bat egin behar duzu (ispiluaren aurrean), gero antzerako zerbait paperean islatzeko. Aurpegiko keinuentzat oso garrantzitsua da eskura ispilu bat edukitzea behar duzuna egiteko erreferentziak hartzeko. Internet ere erabilgarria da animazioetarako erreferentziak bilatzeko.
-Hirukiak telesailak ere zure arrastoa dauka. Non duzu nahiago lan egitea: animaziozko pelikula edo.telesail batean?
Nahiago dut pelikuletan lan egitea, exigentzia maila altuagoa delako eta zure aldetik dena eman behar duzulako. Laburmetraiak, gainera, hobeto ordainduak daude.
-Lan horiez gain, bestelako publizitate kanpainatan ere egin duzu lan: Asturiaseko Komunitatea, NBA, Cola Cao… Nolakoa izan da bidea horraino heltzeko?
Publizitatea interesgarria da hainbat gauzarengatik. Batetik, lan puntualak dira, errentagarriagoak eta orokorrean denbora gutxiagoan egiten direnak. Bestetik, teknika ezberdinekin lan egitearen plusa daukazu, beraz, normalean egiten duzunaren ezberdina izaten da. Horra heltzeko bidea gogor lan egitea da, enpresek zu ezagutzea, nola lan egiten duzun jakitzea eta, batez ere, ahalik eta ate gehienetara deitzea.
-Atzera begirada eginez, zeintzuk ziren zure marrazki bizidun gustokoenak txikitan?
Gehien gustatzen zitzaizkidanak Marco, Heidi, Ulises, Mazinger Z, Dragoi Bola… dira.