Alkategaiei galdezka: Eva Juez (EAJ-PNV)

Alkategaiei galdezka: Eva Juez (EAJ-PNV)
2015/05/22 00:00
eta kitto!

- Zer izan da azken legegintzaldiaren onena eta txarrena?
Onena: Hobekuntzak Jaurlaritzak ekarri ditu: igogailuak eta eskilara mekanikoak, ospitala, trena estaltzea, espaloiak eta parkeak hobetzea, Errebaleko proiekturako finantziazioa edo Fabrikazio Aurreraturako Zentroa, bestiak beste. Jaurlaritza Eibar erreskatatzen ari da eta hori da berri onena. Hala ere, zorrotzak izango gara, eta hola azaldu diogu Lehendakariari: laguntza behar izango dugu Eibarko egoera ekonomikoari aurre egiteko. Txarrena: EAE osoan langabezia gehien igo den herria da Eibar. Udala beste albo batera begira egon da. Noraeza nagusi da. EAJk Eibarren bizitzeko eta lan egiteko proiektua eskaintzen du, horretarako lehentasunak eta jorratu beharreko 200 ekimen zehatz baino gehiago aurkeztuta.

- Zeintzuk dira zuen programako bost puntu nagusiak? (programari buruzko puntu gehiago hemen)
Eibarren bizi eta lan egiteko 40 konpromiso eta 200 ekimen zehatz baino gehiago aurkeztu ditugu. Bost puntutan labur esatearren:
- Berrikuntza eta nazioartekotzea bultzatzea.
- Ekintzailetza sustatzea eta enplegua sortzea.
- Oinezkoen guneak zabaltzea eta berdeguneak sortzea.
- 1.500 aparkalekurako plana.
- Gizarte kohesioa bermatzea.

- Zein asmo duzue Eibarren euskararen egoera hobetzeko?
Ordenantza ausartagoa nahi dugu, euskara administrazioaren lehen hizkuntza izan dadin. Hizkuntza-eskubideak bermatu beharko dituzte diru publikoz finantzatutako enpresa eta elkarteek, eta kultur-industria indartzeko neurriak jarriko ditugu martxan. Ez dugu ...eta Kitto! bide bazterrean utziko eta hizkuntza-industriaren aldeko apostua egingo dugu, sektore horretan ere enplegua sortzeko.