Alkategaiei galdezka: Igone Lamarain (EH Bildu)

Alkategaiei galdezka: Igone Lamarain (EH Bildu)
2015/05/22 eta kitto!

- Zer izan da azken legegintzaldiaren onena eta txarrena?
Txarrena: udal gobernua eta herritarren arteko urruntasuna eta gestio txarraren ondorioz IMESA (udal inmobiliaria), Errebal eta Ospitalaren orube kutsatuan galdutako 4.836.000 euroak. Onena: azkeneko bi urteotan aurrekontuaren negoziazioan Eibarko EH Bilduk lortutako akordioak: suteen kontrako sistema pertsona nagusien etxeetan, Bidegorriaren proiektua, Berbetan programarako laguntza, kontsumo bajuko farolak, biomasazko kalderak hainbat eraikinetan...

- Zeintzuk dira zuen programako bost puntu nagusiak? (programa osoa hemen)
- Auzo-etxeen sarea. Auzoetako bizilagunek gestionatutako etxeak, kohesioa lortzeko giltza izango dira.
- Ibilbide osasuntsuen sarea eta hiri barruko bidegorria egingo ditugu zahartze aktiboa, pertsonen bizi kalitatea eta osasuna oinarri ditugulako hirigintzan.
- Bus estazioaren kokapenaren inguruko parte-hartze prozesua eta galdeketa.
- Erdira jaitsiko ditugu zinegotzion liberazio eta dieten gastuak, auzoetan inbertitzeko aurreztutako 500.000 euroak.
- Gazteei emantzipazioan laguntzeko alokairu programa.

- Zein asmo duzue Eibarren euskararen egoera hobetzeko?
Eibarren euskaraz bizitzea dugu helburu, horretarako ezinbestekoa da euskararen plan estrategikoa diseinatzea euskararen eragileekin elkarlanean. Ekintza zehatzak behar ditu planak, arlo guztiak kontuan izan behar ditu eta lehentasuna eman behar dio euskarari egoera irauli ahal izateko. Helburua Eibar euskalduna bada ere, lehenengo erronka erabilera eta ezagutzaren arteko aldea txikitzea izan behar da, ikaragarria baita.