ASIER MORENO: “Borondate onaz gain gutxieneko ezagutzak behar dira”

ASIER MORENO: “Borondate onaz gain gutxieneko ezagutzak behar dira”
2012/02/16 eta kitto!

-Osasun eta istripuen astea jarriko duzue martxan Eibarren. Zein da ekimenaren helburua?
Aste hau antolatzearen helbura ahalik eta pertsona kopuru handienari gaixotasunak eta istripuak saihesteko bideak irakastea da, eta ekidin ezin izan diren kasuetan, hau da, istripu bat edo gaixotasun bat sortzen direnean, horien aurrean jokatzeko oinarrizko jardunbideak ezagutaraztea. 39 urtez larrialdiez arduratzeak zera erakutsi digu: prebentzioa dela gako nagusiena istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko.
-Aurretik egin duzue gauza bera beste herriren batean? Horrela bada, nolako harrera izan du?
2009. urtetik DYA Gipuzkoako Irakaskuntza Eskolak biztanleria osoari zuzendutako proiektu berri bat jarri zuen martxan: herri desberdinetan doako jarduerak burutzea, hala nola, era askotako gaien inguruko hitzaldiak, simulakroak, eta abar, osasun ezagutzak gizarteratzeko nahiarekin.
Harrera ona izaten ari diren jardunaldi hauetara, istripuen eta gaixotasunen aurreko jokabideen edo norbere osasunaren inguruko jakinmina zein kezkak dituzten pertsonak hurbiltzen dira. Bertan, prebentzioaz gain, norbere burua osasuntsuago zaintzeko jarraibideak ikasten dituzte, era desberdinetako istripu eta gaixotasunen aurrean nola erantzun eta zein sorospen eman azaltzen da.
-Herritarrak, normalean, prest daude istripuei aurre egiteko?
Oro har jendeak borondate ona agertzen du istripu baten aurrean eta laguntzeko asmoa du. Baina borondate onaz gain gutxieneko ezagutzak behar dira.
Kaltetua izan den pertsonaren egoera okertuko duen ezer ez dela egin behar da argi izan behar den lehendabiziko gauza. Baina lehenengo laguntza kualifikatua heldu arte gauza asko egin daiteke: lekua babestu beste inor zauritua gerta ez dadin (kotxeko triangeluak jarri, nork bere segurtasun-txalekoa jantzi,…); 112 telefonora hots egiterakoan informazio zuzena emateko, aurretik datuak bildu behar dira: zer pasa den, zenbat diren zaurituak, zein den leku zehatza, zein egoeratan dauden, ea. Behin aurreko pausoak emanda, unean uneko lehen sorospenak eman ditzakegu.
-Prebentzioari buruz arituko zarete ikastaroetan, baina zein puntutara arte prebenitu daiteke istripu bat?
Istripu batean alderdi askok eragiten dute, eta egia da alderdi horietako batzuk ezin ditugula kontrolatu. Baina arriskuak ahalik eta gutxien izan daitezen, gure eskuetan dagoena egin behar dugu: kotxean goazela, adibidez, abiadura egokia eraman, gidatzeko gaitasuna gutxitzen duen substantziarik ez kontsumitu, haurrak kotxean doazenean ondo finkatuta eraman, segurtasun distantzia mantendu, mugikorra edo GPS-arekin arretarik ez galdu, ea. Beraz, gure eskutan dauden alderdiak ezagutu behar ditugu, horiek praktikan jarrita istripua izateko arriskua gutxitzen delako.
-Larunbatean, 18an, moto baten istripuaren simulazioa egingo duzue. Nolakoa izango da saioa?
Moto istripu baten eszena prestatuko dugu eta anbulantziako dotazioak nola jokatzen duen ikusi ahal izango du gerturatzen denak. Larunbateko 11:00etan bertaratzen direnek kaskoa erabiltzearen garrantzia ikusiko dute, baita kaskoa eramanda edo eraman gabe zein ondorio jasango diren argituko da. Era berean, anbulantziakoek lanean ari direnean nola lagundu dakiekeen eta mota honetako istripu batean jarraitu beharreko segurtasun zein sorospen jarraibideak azalduko dira.
-Neguan gaudelarik, azken asteotan hotza, elurra, haizea eta izotza izan ditugu gurean. Istripu gehiago gertatzen dira sasoi honetan?
Bai. Horrelako denboraleak datozenean errepidea arriskutsu bihurtzen da: izotz-plakak agertzen dira, elurrak gidatzea zailtzen du, ikuspena murrizten da ea. Horrelako egoeretan gidatzera ohituta ez gaudenez, gure ibilgailua ez dugu uste bezain ondo kontrolatzen eta lehen aipatu ditugun arriskuak handitzen dira. Elurteak iristen direnean ohikoa izaten da  ibilgailuak errepidetik ateratzea eta frenatzerakoan aurreko kotxearekin talka egitea. Horrelako garaietan, kotxea ezinbesteko egoeretan baino ez erabiltzea gomendatzen da. Kasu honetan prebentzioa besteen artean honakoan datza: behar denean kateak jartzea, kotxea erregaiaz beteta edukitzea, mugikorraren bateria kargatuta izatea, errepideen egoerari adi egotea, ea.