Marta Marina eta Amagoia Gomez: “Batukadak bizipoza eta indarra ematen digu”

Marta Marina eta Amagoia Gomez: “Batukadak bizipoza eta indarra ematen digu”
2018/04/20 eta kitto!
- “Eibarren zerbait mugitzen ari da. Emakumeok baketak eta kaleak hartu ditugu. Probatu nahi?” izenburuarekin Eibarko Batukada Feministan parte hartzeko gonbitea egin diezue Eibarko emakumeei. Nola sortu da proiektua?
Marta: Batzuk Jabetze Eskolak antolatu izan dituen batukada ikastaroetan parte hartu izan dugu. Azkena joan den udan izan zen, baina taldea berez urrian sortu dugu. Froga bat egin nahi genuen, zer gertatzen zen jakiteko eta, talde polita sortu dugunez, jarraipena eman nahi izan diogu. Jabetze Eskolan genituen irakasle berak ditugu, baina orain talde autonomoa gara, geure kabuz dihardugu, talde autogestionatua da eta, nahiz eta hasieran taldea Naluako kideok bultzatu, argi laga nahi dugu gauza desberdinak direla, pertsona independienteak joan dira gehitzen eta “Eibarko Batukada Feminista” gara.

- Nork har dezake parte taldean?
Amagoia: Herriko  edozein emakumek har dezake parte, baldintza bakarra da emakumea izatea. Aniztasuna sustatu nahi da arlo guztietatik. Ez dago inori itxita. Adin desberdinetako jendea gaude, 20 urtetik hasita 60 urtera, batzuk ama-alabak dira. Bakoitzak bere bizipenak dauzka eta hori ere aberatsa da. Euskarari garrantzia ematen diogu eta euskaraz jarduten dugu. Bestetik, Euskal Herri mailan Batukada Sare Feminista dago eta eurek antolatzen dituzten irteeretara apuntatu gaitezke. Eibarren deialdi bat egin zen, Ilargi Fest. Hori izan da orain arte Eibarren egin dugun irteera eta horretara Euskal Herri mailako Sareko emakume batzuk etorri ziren.

- Beraz, Euskal Herri mailako mugimendu idartsu bat sortu da…
Marta: Sare horretan 400 pertsona inguru egongo dira. Irakasle hauek herri desberdinetan ematen dituzte klaseak eta azkenean Sare bat sortzea lortu dute. Gmail bidez esteka bat bidaltzen da eta nahi baduzu izena eman dezakezu. Batukada Feministan emakumeon ahalduntzea lantzen da, emakumeok kaleak hartzeko eta saretzeko balio du. Aberasgarria da oso. Hemen kontua ez da dena perfektu egitea; ondo pasatzera gatoz, esperientziak elkarbanatzera. Taldea denentzako espazioa da eta Eibarren feminismoa bizirik dagoela erakutsi nahi dugu.

- Zergatik animatu zineten parte hartzera?
Amagoia: Ez da bakarrik musika jotzea. Musika gozatzen dugu, baina, perkusioaz aparte, beste jarduera eta dinamika batzuk lantzen ditugu, hausnarketa egiteko. Nik feminismoa bizi izan dut, baina ez borroka edo ideología bat bezala. Amatasunarekin beste kezka batzuk sortu zaizkit eta sozialki beste esparru batzuk bilatzeko beharra sentitu dut. Batukadak bizipoza eta energia ematen dizu, eguneroko arazoak ahaztu egiten dituzu, emozioak lantzen dira. Niretzako denbora hartzeko modua izan da, eta jende berria eta desberdina ezagutzeko. Kalearena pasada bat da, batzuei ez zaie gustatzen eta bakarrik entsaioetara etortzen dira… Ni pare bat aldiz irten naiz kalera, Arrasateko psikiatrikoan eta Lilatoian, eta sinistezina da kalea hartzeak ematen dizun indarra eta subidoia. “Hemen gaude gu” esateko modua da eta oso energia eta bibrazio ona sortzen da.

- Beraz, musika eta erritmoetatik abiatuta arlo desberdinak lantzen dira…
Marta: Instrumentuak oso sinpleak edo oso konplexuak izan daitezke. Eta erritmoekin gauza bera gertatzen da. Nik adibidez tinba jotzen dut. Jabetze Eskolan ikasi nuen. Nahiko zaila da, baina orain horrekin jarraitzen dut. Kide bakoitza apurka apurka instrumentu desberdinak probatzen ditu eta, helburua ondo sentitzea eta ondo pasatzea denez, bakoitzak nahi duena aukeratzen du. 20 kide inguru gaude, eta talde autogestionatua denez, Euskal Jaian karpako barra hartu dugu. Irakasleak guk kontratatu ditugu eta honek esfortzu bat eta gutxieneko konpromiso bat eskatzen du. Entsaioak hamabostetik behin egiten ditugu San Andres Eskolan. Hurrengoa hilaren 30ean izango da, 19:00-etan. Beraz, probatu nahi duena konpromiso barik etor daiteke.