Bea Martxueta, LABeko politika sozialetako idazkaria: "Karta Soziala eskuan, bigarren faseari ekiteko garaia ailegatu da"

Bea Martxueta, LABeko politika sozialetako idazkaria: "Karta Soziala eskuan, bigarren faseari ekiteko garaia ailegatu da"
2015/03/02 eta kitto!

- Zer azalduko duzu Eibarren emango duzun hitzaldian? Nondik nora joko duzu?
Karta Sozialaren kokapena egiten ahaleginduko naiz. Sarrera modura Karta Sozialaren abiapuntua azalduko dut eta, ondoren, prozesua eta edukia azaltzera pasatuko naiz. Abiapuntua nolabait kokatzeko, bada urte eta erdi inguru prozesu sozial honetan murgildu ginela eta oraindik ere horretan gabiltza, gero eta jende gehiago erakatzeko, honen inguruan gero eta eragile eta atxikimendu gehiago batzen joateko ahalegintzen.

- Zergatik eta nola sortu da EHko Eskubide Sozialen Gutuna?
Pixka bat atzera begiratzen ipiniz gero, argi dago oso urte gogorrak izan direla. 2007. urtean krisi sistemiko honetan sartu ginenetik, maila handiagoan edo txikiagoan denengan eragina izan duten gobernuak ezarritako neurri gogorrak salatzeko zazpi greba orokor egin dira Hego Euskal Herrian. Lehenengoa etorriko ziren murrizketen, desberdintasunaren bidean jarriko gintuen neoliberalismoaren kontrakoa izan zen eta zazpigarrena, berriz, gutariko inork nahi ez dugun eredu honentzat alternatibak egon badaudela esateko egin genuen. Horregatik, alternatiba horiek karta sozial batean laburbildu nahi izan ditugu, askok "Euskal Konstituzioa" deitu izan duten gutuna osatuta.

- Eta nolakoa izan da karta lantzeko prozesua?
Karta gure lanerako tresna izango dela kontuan izanik, denon artean adostu beharra zegoen eta horretan ibili gara, Hego Euskal Herrian bai behintzat. Izan ere, karta Euskal Herri osorako izateko bokazioarekin sortu bada ere, Iparraldean oraindik erronka handia daukagu. Beste gauza askotan bezala, honetan ere beste erritmo bat daramate eta, bileraren bat edo beste egin badugu ere, kostatzen ari zaigu karta han ere zabaltzea. Hala ere, horretarako beharrean jarraituko dugu. Kartaren oinarria lantzeko orduan asanblada bitartez funtzionatzea erabaki zen eta ehundik gora eragilek horretan jardun dugu eta herrietako lantaldeetan egindakoa batzeko, berriz, Karta Sozialaren Koordinadora Nazionala izenekoa eratu zen. Eta mekanismo partehartzaileei jarraituta eragile sozial guztien artean landutakoa eskuan, koordinadora horrek zirriborro bat idatzi eta hori lantzeko metodologia zehaztu zuen, Euskal Herriko hainbat herritara eraman eta lantzeko. Horretan mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte eta, lanean ibili diren urtebete horretan, herrietan hainbat bilera egin eta gero, aurreko ekainean kartaren elaborazioaren azken geltokira ailegatu ginen.

- Eta prozesuaren zein puntutan gaude orain?
Tresna hori eskutan hartuta, bigarren faseari ekiteko unea da orain. Hala ere, egia da kartak gai askoren inguruko kontuak jasotzen dituela eta horietako askotan ez dela adostasunik lortu, baina horien inguruko eztabaida ez da itxitzat eman, "kutxa" batzuetan gordeta daude, aurrerako berreskuratu eta adostasuna lortu arte eztabaidatzen jarraitzeko.

- Eta zer aldarrikatuko da Martxoaren 14rako deituta dagoen ekitaldian?
Kartak oinarri bi dauzka: aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea. Eta horien inguruan programa sozial bat eratu da. Euskal Herriak batez ere eskubide horiek bermatzea behar du. Kartan zerrenda luzea dago, baina batzuk aipatzearren parte-hartzea, justizia soziala, berdintasuna, natura eremuekiko errespetua, iraunkortasun orekatua, aberastasunaren bidezko banaketa… aipa daitezke. Martxoaren 14an, besteak beste, Euskal Herriko instituzioei urrian aurkeztu genuen alternatiba hori betetzeko lanean hastea eskatuko diegu.