Edurne Arizaga eta Laura Fernandez (Nalua): "Alde positiborik gabe, ezingo genuke borrokan jarraitu”

Edurne Arizaga eta Laura Fernandez (Nalua): "Alde positiborik gabe, ezingo genuke borrokan jarraitu”
2016/10/28 eta kitto!
Nalua Eibarko gazte feministek osatutako talde bat da. Orain arte, herriko sexu erasoak hainbat modutan salatzeaz gain, Eibarko emakumeen inguruko dokumentala, Woman In Black eta bestelako ekintzak antolatu dituzte. Momentu honetan inguruko herrietako talde feministekin sarea osatzea  lehentasunezko kontua dela aipatu dute eta baita Eibarko elkarteekin lan egitea ere. Horrez gain,  Eibarko hainbat eragilek osatzen duten Gazte Mugimenduaren parte da Nalua. (nalua.feministak@gmail.com)

- Nalua pil-pilean egon da Eibarko jokalarien istiluarekin…
Bai, gaur egun oraindik ere batzuek ez dute ulertzen “ez” ezetz dela. Naluaren partetik egoera salatzerako orduan, gure adierazpen askatasuna urratu dutela salatu nahi dugu. Bi ekintza egiten saiatu gara. Alde batetik entrenamendu batera joaten eta bestetik kalean protesta ikusgarri egiten eta bai Udalak eta bai S.D. Eibarrek hori galarazi dute. Horrez gain, ezin dugu ahaztu Ipuruan publikoak txaloka hartu dituela jokalari hauek. Sare sozialetan ere, kazetari askok eta bestelakoek idatzi digute gure jarduna gogor kritikatuz. Dena alde positiboa ere aipatu beharrekoa da, aste betean ia 70 jarraitzaile gehiago izan genituen sare sozialetan, komunikabide desberdinetan irten gara  eta jende askoren babesa izan dugu. Alde positiborik gabe, ezingo genuke borrokan jarraitu.

- Nola dago Nalua orain?
Inoiz baino indartsuago gaude. Taldea asko hazi da eta proiektuz beteta gaude. Gainera azaroa ere gainean dugu eta hilabete honek beti eskatzen du lana. Hilabete osoan zehar Eibarko emakumeak animatu nahi ditugu egunerokotasunean jasotako eraso sexistak guri kontatzera, modu anonimoan (FB edo posta elektroniko bidez). Horrela eraso mota guztiak identifikatzea eta plazaratzea dugu helburu. Honekin lotuta azaroaren 25erako (Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) zerbait prestatuko dugu. Bestalde, Beldur Barik lehiaketan ere parte hartuko dugu bideo batekin.

- Zeintzuk dira etorkizunerako dituzuen proiektuak?
Gure arteko formakuntza bultzatu nahi dugu hausnarketaren eta ikastaroen bitartez. Gainera kanpotik ekarritako profesionalez gain, taldekideok taldeari zuzendutako ikastaroak ere egingo ditugu, izan ere, potentzial handia dagoela uste dugu. Musika jaialdi bat ere antolatzen gabiltza otsailerako, irteerak egingo ditugu, gabonetarako geure produktuak aterako ditugu  (poltsak, pinak,…), ikastetxeetatik ere deitu digute NALUAren inguruan hitz egiteko,… Eta egunerokotasunean azaltzen denari aurre egingo diogu, orain arte bezala.

nalua-2