Elena Iraolagoitia (psikologoa): “Dueluan isiltasunak eta kontaktuak laguntzen dute gehien”

Elena Iraolagoitia (psikologoa): “Dueluan isiltasunak eta kontaktuak laguntzen dute gehien”
2017/03/17 eta kitto!
Heriotza eta duelua denok bizi izan dugun edo biziko dugun errealitatea izan arren, “heriotzari bizkarra ematen bizi garela” azaldu digu Elena Iraolagoitia psikologo eibartarrak. Elenak Adindu enpresa sortu zuen orain dela hogei urte Eva Perez de Albeniz eta Sonia Ulaziarekin batera. Batik bat nagusiekin egiten dute lan eta, horretaz gain, hitzaldiak  eta psikologia alorreko gaiak jorratzen dituzte. Esperientzia Eskolako koordinazioa eramaten dute, eta Ikasten-en urtero hitzaldiak ematen dituzte. Aurten “duelua eta mina”ren inguruan bi saio eman ditu Elenak.

– Heriotza eta dueluaren gaiak tabu izaten jarraitzen du egun?
Galerak eta duelua, momentu batean edo bestean, guztiok bizi behar dugun zeozer da, baina asko kostatzen zaigu horretaz berba egitea. Gure bizitzan transformazioa dakarren zeozer da, markatu egiten gaitu. Transformazioak ez du esan nahi txarrerako denik.

- Nola azalduko zenuke duelua zer den?
Duelua galera edo heriotza baten ondorioz sentitzen dugun mina da. Dolus latinezko berbatik dator. Gure bizitzan izan dugun maitasun horren galeraren ondorioa da. Sentitzen dugun min handi hori maitasunarekin lotuta dago. Pertsona hori  galdu dugulako baina maitatzen jarraitzen dugulako sentitzen dugu min sakon hori,  bihotzeko mina, eta momentu horretan ez gara konturatzen min hori sentitzen dugula bedeinkazio handia izan dugulako gure bizitzan. Duelu-prozesu baten ostean, orduan esaten dugu: “hain gogorra izan da mina... baina hain handia izan da nire bizitzan izan dudan maitasun hori...”

- Duelu-fase desberdinak daudela entzutera ohituta gaude.
Niri ez zait gustatzen faseen gai horretan larregi sartzea. Duelua oso prozesu pertsonala da, eta dena dago onartuta eta dena da errespetagarria. Egia da, hala ere, ez dela berdina gaixotasun baten osteko heriotza, bapateko heriotza edo indarkeriaren ondorioz izandakoa. Faktore asko daude hor, baita hildakoaren adina ere. Baina heriotzaren ondoren mina dago beti. Mina errespetagarria da eta sentitzeko eskubidea daukagu. Hasierakoa ezusteko fasea da, ezin duzu sinistu ez duzula gehiago ikusiko. Defentsa mekanismo bat da: min hori dosifikatu egin behar dugu, nolabait esateko. Batzutan haserre fase bat egoten da: pertsona munduarekin, medikuekin, istripuaren eragileekin, Jainkoarekin... haserretzen da. Haserre horrek ematen digu energia hor mantentzeko. Gero, tristura sartzen da bere indar guztiarekin. Eta, apurka-apurka, onarpena dator, energia emozionala beste pertsonengana eta beste interesetara bideratzen dugunean, berriz ere bizitzaren erritmoa hartzen dugunean. Denborak oso pertsonalak dira, bakoitzak bere erritmoa behar du eta hau errespetatu beharra dago.

- Batzuetan dueloak konplikatu egiten dira...
Dueloa denboran luzatzen denean eta pertsona horrek ezin duenean “bizitza normala” egin (ezin da ohetik altxatu, lanera joan...), iraganarekin oso obsesionatuta badago... laguntza behar duen seinale da, eta ez da beldurrik izan behar profesionalei laguntza eskatzeko.

- Nola lagundu prozesu horretan dagoen pertsona bati?
Hitzak askotan soberan daude. Kontuz  laguntzeko asmoarekin esaten ditugun gauzekin: “bizitzaren legea da”, “hobe da horrela, orain deskantsatuko duzue”, “zu indartsua zara, eta irtengo zara”... “Denborak dena sendatzen du”... Momentu gogor horietan horrelako gauzek ez dute laguntzen. Pertsona horrek behar duena errespetua da, konpartitzea. Eta gehien  laguntzen duena isiltasuna eta kontaktua da.

- Negar egiteak laguntzen du halakoetan?
Negarrak laguntzen digu baretzen, gure sentimendu guztiak ateratzen. Inoiz ez diogu lagunduko “ez egin negar” esanez. Entzutea ere oso garrantzitsua da: pertsona horrek galdu duenari buruz hitz egiteko eta sentimenduak adierazteko beharra dauka, eta guk hitz egitera gonbidatu egin behar dugu. Argazkiak ikustea ere oso terapeutikoa da. Batzuetan gerta daiteke pertsona hori oso obsesionatua egotea, eta guk lagundu egin behar diogu hortik ateratzen. Bakarrik egoteko momentuak errespetatu egin behar ditugu, hausnarketa eta transformazio-prozesu bat beharrezkoa baita, baina aldi berean lagundu egin behar diogu hortik irtetzen. Pertsonak jakin behar du hor gaituela. Idaztea ere oso teknika ona da: hemen ez dagoen pertsonari idaztea edo berarekin hitz egitea. Agurtzeko errituak, erlijiosoak izan ala ez, oso lagungarriak eta garrantzitsuak dira: funeralak, belatorioak... Azken finean, mina konpartitzeak humanizatu egiten du. Momentu horietan pertsonari laguntzea oso inportantea da. Beste pertsonen hurbiltasuna sentitzeak indar asko ematen du eta gerora ere lasaitasuna ematen du.