“Emakumeok borroka honen kontzientzia dugula agerian jarriko da Martxoaren 8an”

“Emakumeok borroka honen kontzientzia dugula agerian jarriko da Martxoaren 8an”
2018/03/02 eta kitto!
Aski da!”. “Kitto!”. Mila hitz irtengo dira emakumeen ahotik Emakumeen Nazioarteko Egunean, Martxoaren 8an, baina hitz bik batuko dituzte euren aldarriak. “Emakumeok planto”. Berba bi eta jarrera bateratua. “Menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko”. Askotarikoak dira arrazoiak eta horregatik egingo dute greba. “Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako; indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako; arrazakeriak hiltzen gaituelako; eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako”.

Eibarren ere emakumeek Martxoaren 8an planto egiteko deia jaso dute, baina hilabete guztian egingo dira emakumeen borroka aldarrikatzeko jarduerak. Zine- eta bideo-forumak, hitzaldiak, mintzodromoa, performancea, emakumeen txirrindulari-lasterketa eta hainbat erakusketak egingo dira Martxoaren 8ko Batzordeak antolatuta.

Kartel-lehiaketa antolatu da jarduera guztiak irudi baten inguruan murgiltzeko eta Jone Bengoaren lana saritu dute. Eibarko emakumeen argazki zaharrekin egindako kamiseta daraman emakume gaztea irudikatu du Jonek, ‘Eibarko Emakumeak: izan direlako, gara’ izenburupean. Ilustratzaile eibartarraren lanetan emakumeak dira protagonista. Akuarelen bitartez emakumeen boterea irudikatu eta feminismoaren aldarriak batzen ditu. Martxoaren 8an zein urteko edozein egunetan igorri beharreko mezuak.

 

-Zer islatu nahi izan duzu kartelarekin?

Gaur egungo emakumeak nolakoak garen ulertzeko, gure aurretik egon diren emakumeen garrantzia adierazi nahi izan dut. ‘Eibarko Emakumeak: izan direlako, gara’ zen kartel-lehiaketaren leloa eta zuzenean islatu nahi izan dut hori, antzinako emakume eibartarren argazkiak dituen jantzia daraman emakume gaztea irudikatuz. Gainera, nire birramona agertzen da argazki batean, beraz, modu literalean islatu ahal izan dut.

-Zure lanek antzeko estiloa jarraitzen dute eta gaia ere berdintsua da guztietan, emakumeak eta feminismoa direlako protagonista. Zergatik?

Beti izan naiz feminista eta ilustrazioetan zein arte munduan emakumeak oso gutxi irudikatu izan direla iruditzen zait. Gizonezkoek margotu izan dutelako gertatu da hori, eta eurek irudikatzen duten emakumeen irudia oso idealizatua eta normatibizatua izan da. Ez dute emakumeon benetako irudia islatu izan. Horregatik, emakumeak edozein artetan irudikatzea interesgarria eta garrantzitsua dela iruditzen zait.

-Artea eta artearen mundua matxista izan da?

Matxista izan da eta da. Hala ere, aldaketa ikusten ari da. Gero eta emakume artista eta ilustratzaile gehiago dago, eta gero eta presentzia handiagoa eta harrera onagoa daukate, baina oraindik lan asko dago egiteko zentzu horretan. Hori bai, oraindik inork ez daki emakume artisten izenik. Picasso, Monet... bai, baina emakumezko izenik ez da agertzen, historian zehar gizonezkoak bakarrik izan direlako irudikatuak. Historia gizonek idatzi dutelako gertatzen da hori. Orain aldatzen doa, aldatu beharko litzateke behintzat.

-Zer sentitzen duzu margotzen edo sortzen duzunean?

Alde batetik, nire ideiak islatu eta zabaltzeko margotzen dut; eta bestetik, nire zaletasuna da, eta lanetik edo klasetik irtetean deskonektatzeko margotzen dut. Kanpora eta barrura begira egiten dudan jarduera da niretzat margolaritza.

-Margolaritzaren inguruko ikasketak egin dituzu?

Ingeniaritza ikasi dut, diseinu industriala, eta jendeak pentsatzen duenaren kontra, ez gara margotzen ibiltzen. Beraz, margolaritza kontrapuntua da niretzat, ihesbidea.

-Sastraka da zure marka edo alter egoa. Zertan datza proiektuak?

Edozein landare izan daiteke sastraka, nahi ez dugun tokian jaiotzen bada. Kontzeptu hori eta hitza bera, bere soinua, gustatzen zaizkit eta horregatik erabili dut. Nire burua eta nire marrazkiak banatu nahi izan ditut. Nire pertsonarekiko hesia jarriz gauza gehiago adierazi dezaket, beldur gutxiagorekin. Libreago sentitzen naiz Sastrakaren aterkipean.

-Ilustrazioen bitartez errazago edo eraginkorrago heltzen da igorri nahi duzun mezua?

Gaur egungo mundu bisualean –are gehiago sare sozialekin-, gehiago zabaltzen da irudi bat idatzizko mezu bat baino. Beraz, ilustrazioek indar handia daukate eta aukera oso ona da kanal hori erabiltzea mezuak zabaltzeko.

-Gauza asko ditu aldarrikatzeko oraindik mugimendu feministak?

Beti aldarrikatu izan diren kontuak aldarrikatzen jarraitu behar dira oraindik, nahitanahiez berehala aldatu behar diren gauzak, baina badaude egunerokotasunean irudikatu edo zabaldu ez diren hainbat kontu eta horiek ere aldarrikatu behar dira. Adibidez, hilekoaren inguruan marrazten nabil azken aldian, inoiz ez dudalako ikusi espreski hilekoaren inguruko lanik. Emakumeon ilearen inguruan ere ez da ia ezer irudikatu. Tontakeria dela eman dezake, baina tabuak izan dira beti eta garrantzitsua da gauza horiek irudikatu eta normalizatzea.

-Eibarko mugimendu feministan murgilduta zaude. Nolako espektatibak dituzue Martxoaren 8ari begira?

Emakume gehienok dena emango dugula pentsatzen dut. Egun polita izango da. Aldarrikapen eguna da, eguneroko lanean emakumeon falta igarriko da eta emakumeok borroka honen kontzientzia dugula agerian jarriko da. Gainera, sororitate edo elkartasunmomentu polita izango da Eibarko emakume guztiak elkartu eta lanuztea egitea.

-Nolako giroa bizi duzue herriko eragile feministen artean?

Oso ona! Naluako kide naiz eta gero eta jende gehiago batzen ari gara. Orain dela gutxi Ilargi Festa antolatu genuen eta arrakasta handia izan zuen. Gauzak egiteko gogoarekin gaude eta gogotsu datorren jendea hurbildu da.

-Kontzientzia badago, baina emaitzak ikusten dira?

Nire inguruan bai, emaitza garrantzitsu eta politak ikusi ditut. Batez ere gai asko mahai gainera atera ditugulako, etxe askotan inoiz jorratu ez diren gaiak, eta pausoak ematen hasi gara zentzu horretan.

-Feminismoak barruan dauka etsaia askotan? Feminismo burgesa, itxurakeria edo ustezko aliatu gizonezkoak, esaterako.

Duda barik! Gero eta hobeto dakigu horrelakoak identifikatzen. Feminismoa modan dago, baina oso argi dago nolako feminismoa dagoen modan. Feminismo diruduna, kapitalista eta zuria dago modan, feminismo pribilegiatua. Oso kontziente izan behar gara horretan ez jausteko. Feminismo mota ezberdinak daude, baina zapalduak laguntzea dauka helburu feminismoak. Ondo dago norbaitek bere kamisetarekin aldarrikapen feminista egitea, baina agian kamiseta hori emakume esplotatu batek egin du. Orduan, ez dauka zentzurik. Baina tira, gu bizi garen mendebaldeko munduan, Euskal Herrian, ez da erraza.

-Martxoaren 8a indartsu dator, baina gero, martxoaren 9tik aurrera, zer?

Martxoaren 8a indartsuak jarraipena izango duela pentsatzen dut. Emakumeak elkartzen eta antolatzen hasita, eta mugimendua dagoela ikusita, jarraipena bultzatuko dela iruditzen zait.