ENARA GARCIA / CARMEN LARRAÑAGA: “Gurasoak inoiz gehiago ikusi ez zituzten umeak joan ziren atzerrira”

ENARA GARCIA / CARMEN LARRAÑAGA: “Gurasoak inoiz gehiago ikusi ez zituzten umeak joan ziren atzerrira”
2012/02/16 eta kitto!

-Gerrako Umeen datu eta testigantzak ari zarete jasotzen. Zertan datza ikerketak?
Enara: Gerra Zibilean Eibartik atzerrira joan ziren umeen gainean ikerketegiten dihardugu, Errusia, Ingalaterra, Belgika eta Frantziara joan zirenak. Datuak biltzen ari gara: euren izen-abizenak, jaiotze-data, zenbat urterekin joan ziren atzerrira, gurasoen izenak, non bizi ziren, nora joan ziren atzerrira (lurraldea, herria eta, ahal baldin bada, zein ibilbide egin zuten, askotan batetik bestera mugitzen zirelako), ea bueltatu ziren, noiz bueltatu ziren, bizirik jarraitzen duten ala ez, eta abar.
-Zer da orain arte jaso duzuena?
Carmen: Jende asko etorri da gugana.
Enara: Joan den ostiralera arte 151 izen geneuzkan, baina asteburuan egunkarian agertu zen berria eta 9 izen gehiago jaso ditugu gaur (elkarrizketa astelehean egin zen), beraz, guztira 164 izen ditugu oraingoz.
-Noiz hasi zineten ikerketarekin?
Enara: Orain dela hilabete ekin genion ikertzeari.
-Zein adin tartetako umeak ziren erbestera joan zirenak?
Carmen: 5 eta 12 urte bitarteko umeen berri izan dugu ikerketa hasi
dugunean.
Enara: Eta orain jakin dugu 5 urte baino gutxiagoko umeak ere joan zirela. Txikienak (justu gaur deitu du senitarteko batek) 18 hilabete zituen eta bere anaiarekin joan zen itsasontzian, baina bidaian hil zen. Detaile gogorra da.
Carmen: Pentsa nola elikatu behar ziren ume biak, anaia handia eta txikia, itsasontzian... hori oso zaila da.
-Noiz amaituko da ikerketa?
Enara: 3 hilabeteko lana izatea dago aurrekusita.
Carmen: Hori da ezarrita dagoena. Enarak lan handia egiten dihardu ikerketan eta ea amaitzen dugun denbora honetan. Behintzat ikerketa eginda lagatzea nahiko genuke.
-Zein da ikerketaren helburua? Libururen bat kaleratzea aurreikusten duzue?
Carmen: Lehenik ikerketa egitea da gure asmoa. Gero, udan gutxi
gora behera, Gerrako Umeei omenaldi antzeko bat egitea gustatuko litzaiguke, zerbait polita, izan ere, ume hauetariko asko oraindik bizirik dago. Momentuz Enara informazioa jaso eta jaso dabil, argazkiak batzen, izenak, gutunak... Horren gainean lana egin eta gero ikusiko dugu ea zer egin daitekeen.
-Aurretik bazegoen jasota zerbait Gerra Zibileko Eibarko umeen gainean?
Enara: Ez, lehen aldia da horrelako zerbait egiten dena hemen Eibarren.
Carmen: Enara da honen gainean ikertzen duen lehena. Argazki asko jasotzen ari gara, eta informazio batek beste batengana eramaten gaitu eta horrela gabiltza lanean.
-Urte asko pasa dira Gerra Zibila gertatu zenetik. Zaila da zuek behar duzuen informazioa jasotzea?
Carmen: Urteetan zehar hainbat gauza galdu egin dira eta jendea ere falta da.
Enara: Horregatik eskatu diogu laguntza jendeari, gugan etortzeko, datu
berriak emateko, eta abar. Gerta liteke guk daukagun artxiboko listetan norbait ez agertzea, baina agertu behar zena.
-Nora joan ziren gehien bat ume eibartarrak?
Enara: Hemendik Errusiara joan ziren gehienak eta oso ondo dokumentatuta daude gainera. Frankok Gerra Zibila irabazi eta ez zuen harreman diplomatikorik Errusiarekin. Beraz, Stalin hil eta gero (1953an hil zen) etorri ziren ume horiek bueltan.
Carmen: Nik oroitzen dut nola harrera egin zitzaien etxera bueltan. Untzagan banku baten gainean egon nintzela gogoratzen dut egun hartan.
-Asko etorri ziren?
Enara: Bai, izan ere aurretik ez zuten izan baimenik bueltatzeko.
-Atzerrira joandako ume hauek zein helmuga zeukaten herrialde haietan: familien etxeetara joan ziren, aterpeetara...?
Enara: Lurraldeen araberakoa zen hori. Errusian Umeen Etxeetara joan
ziren eta, kasuen arabera, etxe batetik bestera, etxe batean... ibili ziren
gero. Ingalaterran kanpamentu batera joan ziren lehenik, uste zutelako 3
hilabeteko egonaldia egingo zutela han. Gero, ikusi zuten luzatu egingo zela egonaldia, eta beste kanpamentu batzuetara edo etxeetara bidali zituzten. Frantziara joan zirenen kasuan, ikusi dugu familiek hartu zituztela. Eta Belgikara jo zutenak ere familietan egon ziren.
-Nola lortu zuten kanpamentu edo familiek hemendik joandako umeak onartu eta hartzea?
Carmen: Hemendik joan aurretik oso ondo antolatuta zegoen dena.
Errepublikako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako zerbait izan zen. Orduan ez zegoen ordenagailurik eta telefonoak ziren bezalakoak ziren, baina harritzekoa da nola antolatu zuten guzti hau.
Enara: Gertatu zen, bestetik, kasu batzuetan gurasoek gezurra esan zutela euren umeen adinean. Nola gehienez 18 urte izan zitezkeen joan ahal izateko, gehiago zituztenei urteak kentzen zizkieten.
-Umeak bakarrik edo gurasoren batekin joan ziren erbestera?
Enara: Pertsonalarekin: irakasleekin, medikuekin, apaizekin eta batzuetan
gurasoren batek ere lagundu zien, baina oso arraroa zen hori.
-Gertatu zen, beraz, agian inoiz ez gehiago ikustea berriz euren gurasoak.
Enara: Bai, hala da.