Eñaut Elorrieta, abeslaria: “Deserriaren inguruko lan kontzeptuala egin dut”

Eñaut Elorrieta, abeslaria: “Deserriaren inguruko lan kontzeptuala egin dut”
2015/02/06 eta kitto!

- “Deserriko kantak” zure azken lana aurkeztuko duzu zapatuan. Zer adierazi nahi izan duzu lan horretan?
Deserriaren inguruko lan kontzeptuala da, ezlekuan egotearen bueltan. Hainbat arrazoi izaten dira horretarako, politikoak tartean, eta hori ere izan dut presente. Ezin dugu ahaztu sozialki ere ematen dena: hor dago garai gordin hauetan bere herrian bazterketa soziala bizi duen jendea... Kalean nabaritzen den sentsazioa da etxe ez-jabetzeak puri-purian daudenean. Hortik kanpo, gure gizartean oso azkar bizi gara, gure gorputzetik aldenduta, gugandik urruti, deskonektatuta. Deserri intimo horretatik abiatuta hartu dut sorkuntzarako bidea. Eta, Euskal Herriari erreparatuta ere, kuriositateak hemengo eta kanpoko idazleek sortutakora eraman nau, hainbat enfoke neureganatuz. Hor oinarritu dut diskoa.

- Zelako emaitza jaso duzu ia bi urte dituen proiektu horri dagokionez?
Oso gustora nago emaitzarekin. Badakit digestio geldoko gaia dela; ez dela gai samurra. Lan sakona da alde guztietatik begiratuta eta abestiak ez dira lehenengo kolpean sartzen diren horietakoak. Hasieratik hartu nuen lasai, jendeak horrela ikusi du eta kritikak babestuta sentitu dut nire burua. Kontzertu mordoa eskaini ditugu eta ongi-etorriak izan gara toki guztietan. Eta horrela dihardugu, indartsu.

- Zure zuzeneko emanaldiak oso zainduta daudela diote. Berezkoa duzu hori edo ahalegin berezia egin duzu disko horrekin?
Argi dut ahalegin konszientea izan dela. Lan honekin hasi nintzenean banekien horko abestiak ez zirela edozein lekutan ematekoak. Festa-giroa arrotza zaio disko honi, lasai entzuteko abestiak dira, hautatutako tokietan. Diskoak sortu nahi dudan girora garamatza.

- Erosoago sentitzen zara bakarkako lanetan? Horrela bada, zergatik?
Ez da erosoago egotearen kontua. Kontrakoa esango nuke: biluziago nago modu honetan. Baina, kontraesankorra dirudien arren, baita indartsuago ere. Sentsazio arraroak ditut: deserriaren sentsazioak, musikak, arregloek, estetikak... horretara bideratuak. Baina, ahultasunak ahultasun, oso indartsu aurkitzen naiz lortutako emaitzarekin.

- Hitzek pisu handia dute diskoan, baina noizbaiten esan duzu poesia eta kantu-letrak ez direla hizkuntza bera...
Hori horrela dela oso argi dudalako. Ez da irakurtzea, errezitatzea beste gauza bat da, bestelako informazioa kaleratzen duzu, melodia ere beste bat da. Ezin duzu orden bera erabili, ezin diozu luzera berdina eman. Nik lan bat jaso dut, idatzita dagoena... baina, nire ariketekin, musikarekin lagunduta, beste sentsazio batzuk transmititu nahi ditut. Aipatutako hitz horiek esanda ere, kontatzerakoan aldaketa bilatzen dut.

- Zelan ikusten duzu gaur egungo musikaren egoera?
Interes handiko gauzak egiten direla uste dut: estilo desberdinetako lanak, baina kalitate handikoak. Bizi dugun egoerak egia da ez duela askorik laguntzen, eta promotoreekin, udalekin... baldintza zailagoetan egin behar dugu lan. Denoi eskatzen zaigu egoera horretara moldatzea, eta asko ari gara mundu horretan. Dena dela, historia piska bat aztertuta, gorabeherekin izan bada ere musikak beti egin du aurrera. Ingelesaren eragina ere badago, Ipar Europan kezkatuta daude horrekin... Ni oso sentsibilizatuta nago gure hizkuntzarekin eta adi euskeraren alde egiteko.

- Musika duzu ogibide gaur egun, ezta? Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak, epe motzera begira?
Bai, musikatik bizi naiz. Une honetan kantuak sortzen jarraitzen dut, bizi dudan deserri partikularrean. Hor ere askotan ezina sentitzen duzu, baina aurrera egin behar duzu... sukaldeko lan horrek hori eskatzen dizu. Prozesuaren une askotan sentitzen naiz kolokan, baina hortik pasata oso zintzoa izaten ahalegintzen naiz. “Deserriko kantak”-en azkeneko kontzertuak gabiltza eskaintzen, jira amaitu aurrekoak. Bestela, lasai hartu nahi dut, materiala sortzen jarraitu presarik gabe eta larregi estutu barik. Eta Eibarrera disfrutatzera noa, eta disfrutaraztea. Betiko moduan, topera.