Eneko Baz: “Men´s physyque modalitatean gorputz naturalagoak bilatzen dira”

Eneko Baz: “Men´s physyque modalitatean gorputz naturalagoak bilatzen dira”
2018/02/09 eta kitto!
Eneko Baz 24 urteko eibartarra txikitatik egon da arte martzialei eta kontaktuzko kirolei lotuta, eta oso maila altuan jardun izan du. 16-18 urterekin gimnasioan sartu zen eta fitness munduan zentratu zen. Azken urteetan kulturismoko Men´s physyque modalitatean lehiatzen du. Pasioz bizi du indarrarekin  eta estetikarekin zerikusia daukan guztia eta bere lanbidea arlo horretara bideratu du. Sare sozialetan @bazman-science izenarekin aurkituko duzue.

- Jarduera fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta kirol errendimenduari buruzko masterra egin ondoren, gehiago ikasten jarraitzen duzu eta, aldi berean, lanean diharduzu.
Bai, ikasketak eta arlo profesionala uztartzen ditut. Ikerkuntza masterra egiten dihardut eta irailean doktoradutza hasiko dut. Nire bizitza ikerkuntzara bideratuta dago, eta helburua horretan onena izatea da. Entrenatzailea ere banaiz. Estetikari lotuta dauden kirol modalitateetan eta indarrari lotuta daudenetan jarduten dut, esate baterako, Powerlifting irakasten dut. Alterofilia modukoa da, pisua jasotzen da. Irakaslea ere banaiz: Audiofit enpresa sortu zuen lagun batek, eta hor klaseak ematen ditut bideoen bitartez. Mintegiak ere ematen ditut: asteburu honetan Valentzian egongo naiz eta martxoan Eibarren egotea espero dut. Egia esan, leku guztietan sartuta nago, ez nago geldirik.
- Gaztetxoa zinenean gimnasioa ezagutu zenuenetik esan daiteke ez zarela hortik atera.
Beti egin dut kirola. Arte martzialekin hasi nintzen eta modalitate desberdinetan jardun nuen. 16 urterekin gimnasioan  hasi nintzenean hobekuntzak ikusi nituen nire gorputzean, indar handiagoa, gorputz politagoa… eta hor zentratu nintzen. Lehiatzen 2012an hasi nintzen, Men`s physyque modalitatean. Kulturismoko modalitate bat da, modelo eta kulturismoaren artekoa. Gorputz estetiko, gihartsu eta definituak bilatzen dira, baina ez kulturismokoak bezain handiak. Gorputz naturalagoak, azken finean. Kulturismoa eta indarrari lotutako kirolak gustatzen zaizkit eta nire bizitzeko modua bihurtu da.
- Zure webgunean “Kulturista naturalaren” kontzeptua aipatzen duzu. Zer esan nahi du horrek?
Kulturismoaren barruan drogak normalizatuta daude, eta lehiaketetan hartu daitezke, baina nik hormonarik ez hartzea erabaki nuen, erabaki pertsonala izan zen. Drogak hartu gabe gorputz handi bat lortu daitekeela erakutsi nahi dut. Euskal Herri mailan nire kategorian irabazi nuen iaz eta Espainiako txapelketan finalaurrekora iritsi nintzen.
- Zure webgunean oso artikulu landuak irakur daitezke. Zertaz hitz egiten duzu? Zer da ikertzen duzuna?
Nutrizioa, atsedena, entrenamendua eta hainbat gauza dira garrantzitsuak kirolarientzat, eta nik giharra handitzeko, hau da, hipertrofia lortzeko, entrenamendu aldetik zer egin behar den ikertzen dut.
- Jendeari horrelako gaiak interesatzen zaizkio?
Orain estatu mailan fitnessak boom bat bizi duela esan daiteke. 16-30 urteko jendeari asko interesatzen zaio mundu hori. Gazteek Youtube telebista baino gehiago kontsumitzen dute eta fitnessaren inguruko bideo asko daude. Nik ere kanala ireki dut Youtuben, eta bertan ariketak nola egin behar diren azaltzen dut modu erraz batean.
- Argi dago sare sozialen aldeko apostua egin duzula.
Bai, ni autonomoa naiz, eta naizena eta egiten dudana erakusteko modu ezinhobea da, zalantza barik. Dedikazioa eskatzen du (webgunea, instagram, youtube...), baina merezi duelakoan nago.