ENERITZ ALBERDI eta ANE GISASOLA: “Baserrian osasuntsu bizi gara”

ENERITZ ALBERDI eta ANE GISASOLA: “Baserrian osasuntsu bizi gara”
2012/04/12 eta kitto!

-Nolakoa da zuen eguneroko bizitza?
Ane: Guk ez dugu baserriko lanetan asko laguntzen (barreak). Gurasoek egiten dute beharra gehien bat. Guk pixka bat laguntzen dugu.
Eneritz: Nik kalean ere lana egiten dut, ileapaintzaile bezala, beraz, ez dut denbora gehiegirik baserrian laguntzeko. Ez dugu han lo eta jan besterik egiten, beharretan ere laguntzen dugu.
-Animaliak dituzue baserrian?
Eneritz: Gurean ardiak ditugu, batez ere.
Ane: Guk behiak, ardiak, astoak…
Eneritz: Gaztaia egiten dugu.
-Merkatu plazan saltzeko?
Eneritz: Normalean Euskal Jaian saltzen ditugu.
Ane: Gure etxean amama egunero jaisten da Merkatu Plazara baserriko produktuak saltzera.
Eneritz: Ni lehen, lanean hasi aurretik, zapatuetan bajatzen nintzen herrira gauzak saltzera.
-Zer da baserrian bizitzeaz gehien gustatzen zaizuena?
Eneritz: Osasuntsu bizi garela.
Ane: Kalean zarata asko dago eta baserrian, bestetik, nahi duguna egiten dugu: zarata atera, nahi dugun tokietatik ibili…
-Eta alde txarrak zeintzuk izango lirateke, baldin badaude behintzat?
Eneritz: Kalera bajatzeko kotxea derrigorrez behar dugula.
-Badaukazue gidatzeko karneta?
Biak: Bai.
Ane: 18 urte eduki arte gurasoen menpe egon gara denbora guztian herrira bajatu nahi bagenuen, baina gidatzeko karnetarekin libreago gara.
-Santa Agedan eskean ibili zineten hainbat baserritar gazte. Nolako esperientzia izan zen?
Eneritz: Lehengo aldia izan zen eta oso ondo pasatu genuen.
Ane: Hasieran pixka bat arraroa egin zitzaigun, baina gero dena ondo.
Eneritz: Buelta nahiko handia eman genuen, 20tik gora baserritan ibili ginen.
-Zenbat gazte batu zineten?
Ane: 20 inguru.
-Pentsatu duzue ekintza gehiago egitea?
Eneritz: Auzoko jaiak ere egiten ditugu, Santa Kurutzekoak, maiatzean, eta prestaketan laguntzen dugu.
Ane: Gazteok jolasak prestatzen ditugu batez ere.