GARAZI URZURIAGA ETA IZARO APRAIZ: “Ondo pasatzeaz gain, umeek balioak jasotzen dituzte”

GARAZI URZURIAGA ETA IZARO APRAIZ: “Ondo pasatzeaz gain, umeek balioak jasotzen dituzte”
2012/03/30 eta kitto!

-Zer dira Euskal Udalekuak?
Garazi: Gaur egun hiru etxetan (Abaigar, Bernedo eta Goñi) banatzen diren udalekuak dira. 1965. urtean jarri ziren martxan, Barrian, eta diru kontuak zirela-eta, etxez-etxe aldatzen joan ziren. 6 eta 16 urte bitarteko neska-mutilak jasotzen dituzte eta hainbat txandatan banatzen dira. Helburu nagusienak euskaraz bizitzea, euskal kultura eta eskidetza lantzea, eta natura zaintzea dira.
-Helburu horiek lortzeko bideratutako ekintzak egiten dituzue, beraz. Adibidez?
Izaro: Naturaren Eguna egiten dugu, eta hor umeek euskal mitologia, naturarekin kontaktua, errespetua… lantzen dute. Egia esan egunero lantzen dute hori, mendian txokoak dituztelako, eta nola zaindu egin behar dituzten, euren parte bezala sentitzen dituzte. Bestetik, Internazionalista Eguna ere egiten dugu.
G: Kulturartekotasuna lantzen dugu hor.
I: Munduan bizi diren beste kultura batzuk ezagutzen ditugu, umeek denok ez garela berdin bizi jakiteko.
-Ez da, beraz, oporretara soilik joatea.
G: Ez. Ondo pasatzea bai, baina balio batzuk jasotzea ere.
-Zenbat denbora daramazue Euskal Udalekuetan?
G: Nik 6 urte daramatzat. Oraingoa 7.a izango da eta koordinatzailea izango naiz gainera.
I: Ni iaz joan nintzen aurrenekoz, ‘Milo’ moduan. Begiraleez gain, ‘Miloak’ daude udalekuetan. ‘Miloak’ ‘Mil oficios’’ direlakoak izango lirateke, denetarik egiten dutenak: garbitu, bazkariak, harrikoa, lagundu… Azkenean, umeentzat ez gara pertsona arrotzak, eurek ezagutzen gaituzte. Guk egiten dugun lana baloratzen erakusten zaie, eurak udalekuetan egoteko besteok egiten dugun lana.
-Nola pasatzen duzue begiraleek udalekuetan?
G: Oso ondo. Niretzat burbuila batean egotea bezala da.
I: Gainera, umeek lantzen duten guztia guk ere lantzen dugu. Gauetan batzen gara, egunean egindakoaren diagnostikoa egiten dugu, hurrengo eguna aurreikusi, jolasak egiten ditugu… guk ere umeek jasotako baloreak hartzen ditugu.
G: Horren inguruan urte osoan zehar egiten dugu lan. Talde txikitan banatzen gara, bilerak egiten ditugu… 365 egunetako kontua da.
-Eta umeek nola pasatzen dute?
G: Denetarik dago, baina orokorrean ondo pasatzen dute.
I: Asko ikasten dute. Adibidez, ikusten duzu nola lehen egunetan zerbait ez dutela jaten, baina gero probatu eta hasten dira; beraien gauzak jasotzen ere ikasten dute…
G: Pozik bueltatzen dira etxera.