HARKAITZ CANO: “Solasaldiak euskal literaturaren ‘kutxa beltzak’ dira”

HARKAITZ CANO: “Solasaldiak euskal literaturaren ‘kutxa beltzak’ dira”
2012/05/07 eta kitto!

-Belarraren Ahoa (El filo de la hierba) liburuaren literatura solasaldia egingo duzue liburutegian. Liburuan, Hitler II. Mundu Gerraren garaile bezala azaltzen da, Manhattan konkistatzeko asmoarekin. Historia aldatzeko ahalmena du literaturak?
Liburukoa ukronia da, ingelesez ‘what if’ deitzen den literatura litzatekeena, hau da, ea zer gertatuko litzatekeen historian gauza bat aldatuko balitz. Liburu nahiko karnabaleskoa da, ez dauka zerikusirik lehenago egin ditudan gauzekin. Pieza nahiko arraroa sortu zen. Parisen negoen bolada batez, han II. Mundu Gerraren inguruan barren-kezka halakoa zegoen, publikazio asko zegoen gaiari buruz, 2002an Charles Chaplini buruzko pelikula berrestreinatu zuten, eta inpultsu horietatik sortu zen liburua.
-Badago, gaur egun, liburuan agertzen den bezalako ‘Gizon Txikirik’ (hau da, Adolf Hitler)?
Gaur egungo gizon txikiak ikustezinak dira. Benetan agintzen dutenek, azkarrak direnek behintzat, ikusi dute ez dela euren aurpegia ikusterik komeni. Atzean hariak mugitzen dituztenak ez dakit gizon handi edo txikiak diren, baina ikustezinak seguru.
-Belarraren Ahoa zure aurreko lanekin apurtzen zuen liburua izan zen moduren batean, baina arrakasta izan zuen.
Ni ere ezustean harrapatu ninduen liburuak. Harritu egin ninduen ni liburu hori idazten hasi izanak, eta hori ere polita da.
-Eibarren irakurleekin solasaldia egiteko aukera izango duzu. Antzeko saiorik egiteko aukera izan duzu aurretik?
Liburu honekin euskaraz solasaldi dezente egin nituen, baina Eibarkoan gazteleraz egingo dugu. Pentsatzen dut gazteleraz pare bat alditan ere egin dudala solasaldiren bat. Liburuak baditu urte batzuk eta normalean horrelako solasaldietan liburu berriak lantzen dira. Alde hortatik, gogoratu egin beharko dut zer idatzi nuen (bareak). Bere sasoian saio asko egin nituen, baliteke solasaldi gehien egin dudan liburua izatea.
-Nolakoak izaten dira solasaldiak?
Normalean aurkezpen laburra egiten dut eta gero ‘disko dedikatuen’ zatira pasatzen gara, jendeak galderak egitera, gustoko edota ez gustoko gauzak komentatzera, ulertzen ez dutena galdetzera, iluna gertatu zaiena argitzera… Alde horretatik estimagarria da. Irakurle bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere interpretazioa egiten dio lanari. Niretzat horrelako solasaldiak erresistentzia guneak dira, euskal literaturaren ‘kutxa beltzak’. Hau da, Euskal Herrian horrelako 30 tertulia badaude, bakoitzera 10-15 lagun badoaz, hor 400-500 pertsona dauzkazu, oso aktiboak, liburu bat irakurtzeko eta modu kritikoan aztertzeko konpromezua daukatenak. Hori ezin da gutxietsi.
-Beharrezkoa da idazle eta irakurleen arteko hartu-emana?
Bai, baina ezin duzu idatzi irakurlea kontentatzeko bakarrik. Niri irakurleek asko erakutsi didate euren komentarioen bitartez eta zu kontziente zara zerbait idaztean hainbat irakurle sumindu egin daitezkeela, baina bakoitzaren estilotik eta obsesioetatik elikatu behar duzu. Irakurlea derrigorrezkoa da, baina ezin du idazlea baldintzatu.
-Hala ere, irakurlean pentsatzen duzu idazterako orduan?
Nik pentsatzen dut irakurle batzuetan; nik deitzen diot ‘buru batzarra’. Buruan hainbat irakurle ditut, imaginarioak batzuk, hildako idazleak beste asko, baita lagunak ere. Idazten ari naizen bakoitzean batzar hontako batek eskua altsatu eta esaten du: “hori ez zait gustatzen”. Nolabaiteko tranpa da, ez direlako benetako irakurleak, baina horrek laguntzen dit.
-Twist izan da zure azken eleberria. 80. hamarkadan dago kokatuta eta 1975. urtekoa zara zu. Nolakoa izan da denboran atzera egindako bidai hori?
Hor ‘anai-arreba zaharren disko kolekzio efektua’ deitzen diodana dago. Hau da, gauza bat da zein urtetan jaio zaren, baina zuk handik haratago ezagutzen duzu. Istorioa 1983an kokatzen da, nik 8 urte nituenean, baina adin horrekin munduaren pertzepzioa badaukazu, sasoi hartako Errealaren ligak gogoratzen dituzu, gizarte mailan gertatzen ziren gauzak, soinuak, usainak… Beste gauza bat da ez duzula gauzen interpretazio politiko-ideologikoa egiten. Ez dakit zenbateraino ez den abantaila bat hori. Atzera elikatzeko, urtebete pasatu dut 1983an bizitzen. 1983ko Egin egunkari guztiak lortu nituen, 12 liburukitan, eta eguneko egunkaria irkurtzearekin batera, egun horretako 83ko egunkaria irakurtzen nuen.
-Errealitate bi bizi izan dituzu, orduan, momentu berean.
Bai, horrelako murgiltzea egin nuen. Ikusi izan dut, horrela, gauza batzuk ez direla aldatzen, beste batzuk okerrera aldatzen direla… bitxia izan da esperimentua.
-Fikziozko istorioa da Twisten jorratzen dena, baina errealitatearekin identifikatu daiteke?
Bai. Atzean dagoen abiapuntua, ‘Jatorrizko mina’ deitzen diodana, oso-oso identifikagarria da. Nik azaltzen dudan bezala, pertsonaiak fikziozkoak dira, baina gertaeretako asko 80. hamarkadan benetan gertatutakoak dira. Orduan, gertaerak oso identifikagarriak dira, nahiz eta gertaera horiek katalizatzeko erabiltzen ditudan pertsonaiak fikziozkoak izan.