IDOIA ALVARO: “Eskura dituzun gauzekin eskulan asko egin ditzakezu”

IDOIA ALVARO: “Eskura dituzun gauzekin eskulan asko egin ditzakezu”
2012/02/09 eta kitto!

-Nola hasi zenuen The Cottage Manualidades?
Txikitatik egin ditut eskulanak, amari ere egitea gustatzen zitzaizkiolako. Orduan, niretzako gauzak egiten hasi nintzen eta jendeak gauzak egiteko eskatzen zidanez, Facebooken The Cottage Manualidades orrialdea ireki nuen. Hasiera batean lagunek ikusi zezaten sortu nuen, baina ezagutzen ez nuen jendea agertu zen berehala. Orokorrean lagunek eskatu didate gauzak egiteko, edo lagunen lagunek, baina izan ditut ezezagunen eskaerak ere. Zein zen ere ez nekien jendeari bidali dizkiot produktuak!
-Hori izan daiteke Facebooken abantaila bat.
Hori da. Facebooken jendeak zer egiten duen, noren laguna den eta abar ikusi dezakezu, eta horrela, nire orrialdea hedatuz joan da.
-Nola funtzionatzen du The Cottagek? Katalogoa daukazu edo eskakizunen bitartez egite duzu lan?
Nik gauzak egiten ditut, jendeak ikusi eta horietatik aukeratutakoren bat eskatzen du. Hala ere, jendeak egiten dakidan zerbait eskatzen badit, egiten dut. Gauza ez da egiten dakidala, baizik eta nonbait ikusi eta egiten ditudala. Koadrilako batek alanbrezko eraztuna nahi zuen eta egin nion, nire ahizpari ileko urkilak asko gustatzen zaizkio eta egin nizkion. Horrela, egin ahala ikasten noa.
-Materialei dagokienez, nola moldatzen zara?
Berrerabiltzen ditudan gauzak daude (adibidez, Nespressoko txapak edo laten eraztunak), eta beste batzuk erosi egiten ditut. Baditut, adibidez, botoiekin egindako eraztunak. Eskura daukadanarekin gauzak egitea bururatzen zait.
-Lanaren kostua, beraz, ez da altua.
Erabiltzen duzun materialaren arabera. Eskulanetarako erabiltzen den materiala garestia da, baina eskura dituzun gauzekin eskulan asko egin ditzakezu (etxean dituzun lazoak, botoiak…).
-Zenbat denbora behar duzu eskulanak egiteko?
Ez dakit, nire denbora librean egiten ditut. Norbaitek eskakizun bat egiten badit, azkar egiten saiatzen naiz, baina normalean aspertuta nagoenean egiten ditut eskulanak (barreak).
-Noiztik darama martxan proiektuak?
Facebookeko orria orain dela hiru hilabete jarri nuen martxan, berria da.
-Lagun asko ditu, bada! Pentsatu duzu zerbait handiagoa egitea?
Ez, momentuz ez.