IRATI ANDA: “Bizitza ulertzeko modua da eskalada niretzat”

IRATI ANDA: “Bizitza ulertzeko modua da eskalada niretzat”
2012/03/01 eta kitto!

-Noiz hasi zinen paretean gora egiten?
10-11 urte nituenean hasi nintzen eskalatzen ikastolako mendi taldean. Eskolaz kanpoko ikasgai bezala eskaintzen zen mendi jarduera eta, mendira joateaz gain, eskalatzera ere joaten ginen. Horrela, anaia Egoitzi esker, bera lehenago hasi baitzen, zaletzen joan nintzen pixkanaka.
-Zer da eskaladak ematen dizuna?
Hainbeste urteren ostean, dena ematen dit. Niretzat ez da izan praktikatzeko jarduera bakarrik, bizitza ulertzeko modua baizik. Momentu bakoitzean modu batean bizi izan dut eskalada, eta gaur egunean oraindik horren inguruan nabil bizitzen eta gozatzen.
-Eskalada zein zentzutan hartzen duzu: lehiaketa moduan, plazer bezala, afizio hutsa…?
19 urtetan eskalada modu askotan hartzeko denbora ematen du. Hasieran hobby moduan hartzen nuen, gero afizioa bizimodu bilakatu zen, eta baita ogibide ere. Gaur egunean ez nabil lehiaketetan murgilduta, baina prestatzaile moduan nabil, lehiaketa bat edo beste prestatzen… Momentu bakoitzean modu ezberdinean bizi izan dut eskalada, hura maitatuz eta baita batzutan gorrotatuz ere. Azken finean, nire bizitza eskaladaren inguruan ibili da hein handi batean.
-Sufritua ere izango da grabitatearen legearen aurka jotea.
Kirol nahiko gogorra da, atzamarrek, eskuek eta besoek asko sufritzen dutelako. Lesio asko egoten dira, azaleko minak, eta abar. Baina beste alde batetik, oso kirol polita da. Naturarekin izan dezakezun kontaktu hori oso berezia da, harkaitz batera igo eta atzera begiratze. Apur bat bohemioa izan daiteke guzti hori, baina landa berdeak, zuhaitzak edo itsasoa ikusteak aurreko gogortasun hori samurtzen du. Era berean, kirolaren gogortasunak norbera gogortzen du. Zerbait lortzeko sufritzen duzunean, garaipena lortzen baduzu, gehiago disfrutatzen duzu.
-Eskaladak emandako zein momenturekin geratuko zinateke?
Zaila da aukeratzen. Momentu bat aukeratzeagatik, eskalatu ondorengo solasaldiak aukeratuko nituzke. Pasio bat konpartitzen duzun pertsona batekin horrelako solasaldiak edukitzea aukeratuko nuke, batzutan apur bat fanatikoak badira ere (barreak).
-Non eskalatzen duzu gustorago: rokodromoan edo harkaitzean?
Harkaitzean. Beste zerbait eskaintzen dizu arrokak. Aspaldian ez naiz harkaitz artean ibili, baina joaten naizenean uste dut rokodromoan baino gehiago gozatzen dudala. Rokodromoan aritzea gustatzen zait, nola ez, baina harkaitzak duen puntua oso polita da.
-Zein duzu toki kuttunena eskaladarako?
Toki bakoitzak bere xarma dauka, baina Apellanizeko ingurunea udazken partean, hostoak erortzen direnean, oso polita egoten da. Gainera, etxetik hurbil daukat, beraz, toki hori aukeratuko nuke.
-Katuak, sokak eta magnesioa albo batera lagata, ‘Conquistador del fin del Mundo’ saioan ere hartu zenuen parte. Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia ona izan zen, ezberdina eta berezia. Asko gustatzen zait lehiatzea eta frogetan oso gustora aritu nintzen. Jendearekin, eguneroko bizitzan bezala, batzuekin besteekin baino hobeto moldatu nintzen. Bestetik, telebistarako muntaia ikusten duzunean (irudiak hartu, aukeratu, moztu…) harritu egiten zaitu. Harrigarria da nola irudi bat testuingurutik ateratzeak eta musika jakin bat ipintzeak nolako aldaketa ematen dion zuk han bizi izandakoari eta jendeak hori jasoko duen mezuari. Alde horretatik, amorrua ematen du pixka bat, baina banekien zer aurkitu nezakeen bertan.