Izaskun Etxabe (psikologoa): "Gurasook gatazka puntualak eta jazarpen egoerak nahas ditzakegu”

Izaskun Etxabe (psikologoa): "Gurasook gatazka puntualak eta jazarpen egoerak nahas ditzakegu”
2017/04/28 08:44
eta kitto!
...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta, Izaskun Etxabe psikologoak hitzaldia emango du maiatzaren 4an, batez ere LH-ko 5. eta 6. mailako eta DBH-ko ikasleen gurasoei zuzenduta, gazteen arteko gatazken eta jazarpen egoeren inguruan. Lagunen arteko gatazkak eta jazarpen egoerak identifikatzea eta desberdintzea da helburuetako bat eta horiek sortzen direnean, seme-alabak bideratzeko estrategiak partekatzea. Hitzaldia 18:30ean hasiko da ...eta kitto!k Urkizun dituen lokaletan, eta irekia eta doakoa da.


– Zeintzuk izaten dira jazarpen egoera ohikoenak?
Jazarpen mota ohikoenak jazarpen fisikoa (kolpeak, bultza egitea, bestearena den zerbait apurtzea), ahozkoa (irainak, mehatxuak, mespretxuak), bazterketa soziala (bakarrik utzi, berarekin ez kontatu) eta Ciberbullying-a (sare sozialen bitartez pertsona bat iraintzea, burla egiteko bideoak edo argazkiak igotzea...) dira. Horrelako kasuak oso gogorrak izaten dira jazarpena jasaten duen pertsonarentzako eta bere familiarentzako. Askotan, jazarpenaren biktimak antsietate maila altuak, autoestimu hondatua, depresio sintomak, eskola-fobia eta erruduntasun sentimenduak sufritu ditzake, besteak beste.  Eta gurasoek ere ziurgabetasun handia bizi izaten dute, ez dakitelako nola jokatu. Bestetik, erruduntasuna ere sentitu dezakete aurreikusi eta saihestu ez duten egoera larri baten aurrean daudelako.

– Zeintzuk izaten dira gurasoen kezka edota arazoak?
Gurasoen aldetik kezka nagusia nola jokatu behar duten izaten da. Askotan galdetzen dute eurek zenbateraino parte-hartu behar duten edota beste guraso batzuekin hitz egin behar duten seme-alaben arazoa konpontzeko. Eta arazoei dagokienez, gatazka puntualak eta jazarpen egoerak ez desberdintzea da izan dezaketen zailtasunetako bat. Eguneroko gatazketan komenigarria da seme-alabak trebatzea eurek arazo horiek konpontzen ikas dezaten. Jazarpen egoeretan aldiz, esku-hartzea desberdina da eta kasu horietan seme-alabek laguntza berezia behar izaten dute. Horregatik, horrelako kasuetan, zuzenean eskolarekin hitz egitea da gurasoei gomendatzen zaiena, jazarpen kasuaren prozesua eskolak bidera dezan.

– Jendartean badago horren inguruko ezagutzarik?
Gaur egun, hedabideetan jazarpen egoerei buruz informazio asko zabaltzen ari da eta hezkuntzan ere sakonean jorratzen da gaia. Baina batzuetan gurasook gatazka puntualak eta jazarpen egoerak nahas ditzakegu eta esan bezala, garrantzitsua da bi egoera horiek desberdintzea.  Hitzaldira bertaratzen direnak bi orduz, eguneroko martxa gelditu eta gaiaren inguruan hausnartzeko, dituzten zalantzak argitzeko eta antzeko bizipenak dituzten beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzeko aukera izango dute.