“Janzkerak ate asko ixten dizkit” (Sukaina Benslaiman Kraichi, Gizarte Langintzako ikaslea)

“Janzkerak ate asko ixten dizkit” (Sukaina Benslaiman Kraichi, Gizarte Langintzako ikaslea)
2016/05/20 eta kitto!
Sukaina Benslaiman Kraichi Eibarren jaio zen orain dela 21 urte. Aita Marokotik lan bila etorri zen lehenengo, eta bere ama pixkat geroago, 90eko hamarkadan. Sukaina eta bere 5 anai-arrebak, beraz,  Eibarren jaio ziren eta etorkinen bigarren belaunaldikoak dira.  Urkizu ikastetxean, Itzion eta I. Zuloaga Institutuan egin zituen ikasketak, eta gaur egun Gizarte Langintza ikasten dihardu Gasteizen. Horretaz gain, barixakuetan ...eta kitto! aldizkaria banatzen du.  Etxean arabieraz egiten  dute berba eta, euskararekin harremanetan jarraitzeko, Gizarte Langintzako ikasketak euskaraz egitea erabaki zuen Sukainak.

- Iaz etorkinen bigarren belaunaldiei buruz egin ziren jardunaldietan parte hartu zenuen. Zein izan zen ondorio nagusia?
Pertsona desberdinok esperientzia pertsonal desberdinak kontatu genituen. Ondorioetako bat izan zen, gu etorkinen bigarren belaunaldikoak izan arren, hau da, hemen jaioak izan arren, bertakotzat ez gaituztela aitortzen. Beti ikusten gaituzte etorkin gisa, naiz eta gu etorkinak ez izan.

- Beraz, hemen bizi eta hezitakoa izan arren, kanpotartzat hartzen zaituzte.
Bai. Kontua da erlijioa eta kultura nahasten dituela jendeak, eta askok ez dute uste ez ikasten dudanik, ezta euskara dakidanik ere… Pentsatzen dute ezkonduta nagoela jada, ez dakit zenbat umerekin… Aurreiritzi asko daude arlo horretan. Eta emakumeen kasuan gehiago gertatzen dela iruditzen zait. Ni musulmana izanda, janzkeran ikusten zait, eta honek oztopo asko ekartzen dizkit, lana bilatzeko momentuan, esaterako. Janzkerak ate asko ixten dizkit.

- Eibarko eta Gasteizko egunerokotasunean igartzen duzu hau?
Gasteizen gehiago. Eibarren, azken batean, eramangarriagoa da, ez dago hain pilpilean, eta jendeak ezagutzen nau. Gasteiz hiri handiagoa izanda, desberdina da; Marotorekin gertatu zena, esaterako…

- Zer egin beharko litzateke horri buelta emateko?
Egunero egin behar den gauza bat da, ez  integraziorako jardunaldi eta etorkinen ekitaldi berezietan soilik. Zerbait normala bezala hartu beharko litzateke. Ez da pentsatu behar integrazioa etorkinen eskuetan dagoela soilik. Denon artean ematen den prosezua da; zer egiten dugu bertatik etorkinen integrazioan laguntzeko? Hori da galdetu behar duguna. Beste alde batetik, kultur aniztasuneko ekitaldia egiten denean, etorkinen kultura soilik erakusten da. Baina aniztasunaz ari bagara, zergatik ez dugu bertakoa ere erakusten?

- Eta hori nola alda daiteke?
Txikitatik ikasi behar den zerbait da. Umeek ez dute desberdintasunik ikusten etorkinen seme-alaben eta bertakoen umeen artean, gurasoengandik ikasten dute banaketa hau. Eta hor dago arazo nagusia. Txikitatik balira koadrilak anitzak, ez legoke horrelako arazorik izango.