Javier Garcia "Ara", tatuatzailea: "Errealismo handiko marrazkiak gustatzen zaizkit gehien"

Javier Garcia "Ara", tatuatzailea: "Errealismo handiko marrazkiak gustatzen zaizkit gehien"
2015/07/03 eta kitto!

- "Tatuajeak janari truke". Nolatan hartu duzu parte horrelako ekimenean?
Madrilen, IFEMA pabilioian egiten den Mulafest jaialdiaren barruan egiten direnen artean, 'Alimentattoo' izenekoa azpiatal modukoa da eta ni horretan egon naiz parte hartzen, janariarekin lagundu dutenei tatuajea egiteko antolatzaileek aukeratu dituztenetako bat izan naizelako. Orain dela bizpahiru urte hasi ziren 'Alimentattoo' antolatzen eta banuen horren berri. Gure estudioak beste proiektu solidario batzuetan ere hartzen du parte eta, horregatik, "Alimentattoo" proiektuarekin bat egitea ideia ona iruditu zitzaigun. Eta antolatzaileek lehiaketa bidez parte hartzeko aukeraru nindutenez, han izan nintzen, gehien gustatzen zaidana egiten eta, gainera, premia dutenei laguntzen. Antolatzaileak oso pozik daude jendearen erantzunarekin. Izan ere, sarrera eskuratzeko gutxienez 20 euroko balioa zuen janaria eramatea eskatzen zuten, baina jende askok eskatutakoa baino askoz gehiago eman du, karrokadak bete janari eraman dute askok.

- Zeintzuk dira ba laguntzen dituzuen beste proiektu solidario horiek?
Bilboko Berritxuak elkarteak "epidermolosis bullosa" edo "tximeleta azala" izenekin ezagutzen den gaitza duten umeei laguntzen die eta eurekin elkarlanean ibili gara, adibidez. Sasoi batean, tximeletekin loturaren bat zuten tatuajeak egitean, ordaindutakoaren diruaren portzentaje bat elkarteari ematen genion eta horri berriz heltzeko asmoa daukagu.

- Nola hasi zinen tatuajeak egiten?
Marraztea betidanik gustatu izan zait eta, tatuatzen zuten lagunek animatuta, ni ere horretan hasi nintzen. Hasieran tatuajeak egiteko materiala eta bestelakoak eurek laga zidaten eta, gustora nenbilela ikusita, estudioa zabaltzera animatu nintzen. Datorren azaroan urte bi beteko ditugu.

- Beraz, ez zaizu beharrik falta…
Ez, egia esateko polito egiten dugu beharra, jende asko etortzen zaigu eta, beraz, pozik gaude. Batez ere Eibar eta inguruko herrietatik etorritako bezeroak dauzkagu, baina badaude Iruñea, Bilbotik eta beste toki batzuetatik etortzen diren gutxi batzuk ere. Edozein modutan ere, beste toki batzuekin alderatuta Eibarren betidanik egon da tatuajeen inguruko zaletasun handiagoa. Adinari dagokionez, 18 urtetik gorakoekin hasi eta hortik gora denetarik dago. Nire amak ez zuen inoiz pentsatzen tatuajea egingo zukeenik eta orain animatu eta bat egiteko eskatu dit.

- Nolako tatuajeak eskatzen dizkizute?
Jende asko aurretik zuen tatuajea "tapatzera", guk "cover" esaten duguna egitera etortzen da. Arrazoi ezberdinengatik, lehenagotik daukaten tatuajearekin gustora egoteari laga eta hori moldatzeko, jatorrizkoa eraldatzeko eskatzen didate.

- Zer tatuatuko zenuke gustora? Eta zer ez zenuke sekula egingo?
Neri gehien gustatzen zaizkidanak errealismo handiko marrazkiak dira. Tribalak, berriz, ez zaizkit bat ere gustatzen eta, ahal dela, ez ditut egiten. Hortik kanpora, ez nuke marraztuko ideologia politiko batzuekin lotutako lema edo sinbolorik, adibidez.