Jone De Castro (atleta): «Nire helburua marka egitea izaten da proba guztietan»

Jone De Castro (atleta): «Nire helburua marka egitea izaten da proba guztietan»
2017/02/23 eta kitto!
Aurreko domekan Euskadiko Txapelketa eskuratu eta gogotsu ekingo dio asteburu honetan Espainiako Neguko Txapelketari Jone De Castrok. Inork baino luzeago bota zuen xabalina atleta eibartarrak Getxon eta Leonen antzera ibiltzea espero du.  Bera pausuz pausu doa, baina ametsek ez dute mugarik.

– Euskadiko txapelduna bilakatu zara asteburu honetan. Zorionak!
Mila esker! Junior kategorian irabazi nuen eta absolutuan hirugarren izan nintzen.

– Helburu horiekin joan zinen bertara?
Nire helburua marka hobetzea izan da beti eta, hori hobetuz gero, Espainiako Txapelketan sartzeko marka hobetzea.

– Zein marka da hori?
Espainiako Txapelketan sartzeko minimoa, junior kategorian, 35 metro, baina oraindik ez dut lortu.

– Zenbatekoa da zure marka onena?
34,81 metro, beraz, 19 cm-tara nago.

– Aurten egin duzu jubeniletik juniorretara jauzia?
Bai, eta badago aldea. Xabalinek, adibidez, 100 gramo gehiago pisatzen dute eta igartzen da aldea, baina ohitu naiz.

– Xabalina jaurtiketan bakarrik ibiltzen zara edo baita beste disziplina batzuetan ere?
Nire proba, berez, xabalina da; baina pisua, diskoa eta abar ere egiten ditut aldatzeko. Urte hasieran, adibidez, Getxon lau proba batzen dituen txapelketa egiten da: diskoa, xabalina, pisua eta mailua.

– Zergatik zentratu zara xabalinan?
Multikiroletan hasi nintzen atletismoa egiten eta proba guztietatik vortex jaurtiketan nabarmendu nintzen. Xabalinaren antza dauka. Beraz, xabalinarekin hasi nintzen, baina hasieran zalantzak nituen, ez zitzaidalako ondo irteten eta pisuarekin hobeto nenbilelako. Gero, pisua gaizki irteten hasi zitzaidanean xabalinarekin hasi nintzen berriz eta hor geratu nintzen. Orain jabalinan nago zentratuta.

– Entrenamendu asko egiten dituzu?
Astean 4 edo 5 aldiz entrenatzen dut orain, egunero 2 orduz. Astean 2 aldiz arlo teknikoa lantzen dut.

– Nola moldatzen zara kirola eta ikasketak uztartzeko?
Erdi-mailako modulua egin dut eta aurten praktikak egitea egokitzen zitzaidan. Amaitu ditut, beraz, orain entrenatzeko denbora nahikoa daukat.

– Zein helburu dituzu denboraldi honetarako?
Espainiako Txapelketara heltzea eta, gehien bat, nire marka hobetzea. Gero, zerbait irabazteko aukera badaukat, primeran!

– Eta gerora begira?
Munduko edo Europako Txapelketetan aritzea gustatuko litzaidake eta, nola ez, Joko Olinpikoetan.