Jon Martinez: “Booktuberrak liburu bati buruzko gomendioak ematen ditu eta irakurzaletasuna pizten du”

Jon Martinez: “Booktuberrak liburu bati buruzko gomendioak  ematen ditu eta irakurzaletasuna pizten du”
2018, Ots 02

Jon Martinez eibartarrak irabazi du gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak elkarlanean antolatutako  BooktuberBoom lehiaketa. Jonek 15 urte egingo ditu laster eta DBHko 3. maila egiten dihardu Itzion. Booktuber baten zereginari eta irakurzaletasunari buruz egin dugu berba berarekin.

– Nola jakin zenuen lehiaketaren berri eta zein da Booktuber baten zeregina?
Eskolan eta liburutegian kartelak ikusi nituen eta gero …eta kitto!-n irakurri nuen Iban Garciari egindako elkarrizketa. Parte hartzeko aukera ikusi eta martxan jarri nintzen. Booktube baten bitartez besteei gustuko izan duzun liburu bat gomendatzen diezu. Oso ondo dago gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko, askotan ez dakizu zer irakurri eta beti egiten diegu kasu gehiago gu bezalako gazteei nagusiei baino.

– Ze liburu aukeratu zenuen zure bideorako?
Antton Kazabonen “Erotik” liburuaz jarduten dut. Liburu horretan hamabi istorio eta hamabi marrazki dibertigarri biltzen dira. Bai idazleak, bai marrazkilariak hizkuntzarekin jolastu dute eta hasiera batean sexuaren inguruko zerbaitez ari direla pentsatzen badugu ere, bestelako ustekabekoa eramango dugu. Sexuaren tabua apurtzeko liburu aproposa iruditu zait.

– Nolako baliabideak erabili zenituen bideoa egiteko?
Liburua zertaz doan azaltzeaz gain, funtsezkoa zen azaltzeko modua erakargarria izatea. Bideo dinamikoa egin nuen, pixka bat mugituz, efektu batzuk sartuz, musika, zenbait argazki…. Horrela asko irabazten du. Bideokamara eta tripode batekin grabatu nuen eta gero ordenagailuz editatu nuen. Ondo landutako nire lehenengo bideoa izan da.

– Irabaztea espero zenuen? Zer esan dizute lagunek eta etxekoek?
Ez nuen espero inola ere irabaztea. Finalista nintzela esan zidatenean oso pozik jarri nintzen, eta ondoren, ETBko Gure Kasako platoan lau finalisten artean irabazlea ni nintzela iragarri zutenean, sekulako ilusioa egin zidan. Mundiala izan zen, benetan! Oso urduri jarri nintzen, are gehiago platoan Antton  Kazabon liburuaren idazlea agertu zenean. Saria kamera bat eta 50 euro liburutan izan zen. Kamarak bideo gehiago egiteko aukera ematen dit eta liburuak ere eskertzen ditut, asko gustatzen zait irakurtzea. Etxekoak telebistako finalean egon ziren eta egia esan ez zuten espero irabaziko nuenik. Esperientzia bikaina izan da denontzat. Institutuan ere lagun eta irakasle guztiak enteratu dira eta denek zoriondu naute.

– Nolako liburuak atsegin dituzu?
Nire arrebak gomendatutako liburuak hasi nintzen irakurtzen eta berehala engantxatu nintzen. Gazte literatura irakurtzen dut gehienbat. Pena da euskaraz ez dagoela katalogo oso irekia. Gustatuko litzaidake gazteentzako euskarazko liburu gehiago egotea, hor hutsune bat dagoela antzematen dut.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »