Jorge Perez Jauregi: “Aintzat hartzea ondo dago, baina justizia egitea da garrantzitsuena”

Jorge Perez Jauregi: “Aintzat hartzea ondo dago, baina justizia egitea da garrantzitsuena”
2017/05/29 eta kitto!
Roberto Perez Jauregik 21 urte zituen Burgoseko Prozesua salatzeko manifestazio batean poliziak erail zuenean. Karmen kalean, hilketa gertatu zen tokian, Roberto gogoratzen duen plaka bat dago, baina Jorge bere anaiak 47 urtez borrokatu behar izan du justizia bila. Oraindik ez du aurkitu. Beste biktima batzuekin Eibarko Memoria Taldea sortu dute Gerra Zibilean eta frankismoan jasandako indarkeriaren testigantza jasotzeko. Justizia lortzeko “inoiz ez delako berandu”.

 

– Zergatik ikusi duzue Eibarko Memoria Taldea osatzeko beharra?

Pentsatzen dugu biktima batzuek memoria eta ordaina izan dutela, baina justiziarik ez. Euskadin zein estatuan arekan dauden asko dago oraindik eta Gobernu honek ez du pezetarik jartzen memoria historikoaren inguruan lan egiteko, beraz, hainbat puntu lantzen ari gara Argentina eta Eibarko epaitegien bitartez kereila bat egiteko.

– Eibarko Udalarekin elkarlanean zabiltzate, ezta?

Bai, gaia plenora eraman zuten eta aho batez gure proposamena onartu zuten. Frankismo garaian hil zituztenen, Gerra Zibilean hil zirenen, torturatuak izan zituztenen... lekukotasuna jaso eta zerrenda osatzen ari gara epaitegietara bidaltzeko. Eibar ez da prozesu hau bizitzen ari den herri bakarra, Arrasate, Iruñea, Donostia eta beste hainbat tokitan ere berdin dabiltzalako. Inoiz ez da berandu. Biktima edo biktimen familiarteko asko hiltzen ari dira denboraren poderioz, beraz, ezin dugu denbora galdu.

– Zenbat kasu jaso dituzue orain arte zerrenda horretan?

Maiatzaren 31era arte dago lekukotasuna eman eta zerrendan gehitzeko epea. Horretarako, Udalak pertsona bat jarri du lanean eta telefono bat ipini du (943708401).

– Bakarka borrokatzea baino, bat eginda hobeto da?

Bai, noski. Taldean zazpi pertsona gaude, bakoitza bere kontu eta ideiekin, baina argi daukagu elkarrekin aurrera egin behar dugula. Bakea nahi badugu, toki guztietatik etorri behar da. Era askotako biolentzia egon da, eta guk sufritu duguna da zaharrena. Trantsizio sasoian alderdi politiko bakoitza bere puska ateratzen saiatu zen, eta Gerra Zibilean eta frankismo sasoian borrokatu, hil edota torturatutakoez ahaztu ziren. Amnistia Legea onartu zuten eta jende askorentzako ordaina urte asko geroago iritsi da. Aintzat hartzea ondo dago, baina justizia egitea da garrantzitsuena.

Argentinako Kereilak urteak daramatza zabalik. Zein puntutan aurkitzen da?

Mauricio Macri eskuindarra da orain Argentinako presidentea eta traba asko jartzen dizkio kereila daraman Servini epaileari. Bestetik, Carlos Slepoy Espainian kereila bultzatu zuen epaile argentinarra orain dela gutxi hil da. Espainiako justizia ere arazoa da, inori ez deitzen saiatzen direlako dena estaltzeko asmoz. Irabazleek historia idazten dute eta ezin dugu horrela izaten utzi.

– Erailketa horiek egin zituztenak kalean daude. Zer sentiarazten dizu horrek?

Nire anaia hil zutenetik 40 urte pasa ziren Memoria Historikoaren barruan aintzat hartzeko eta, pixkat geroago, Eusko Jaurlaritzak ere onartu zuen. Baina ez da justiziarik egin eta hori da eskatzen duguna. Nik dakidanez, nire anaia hil zuena komisario postura igo zuten Valladoliden, eta abokatuen bitartez zerbait egiten saiatu baginen ere, ezin genuela ezer egin esan ziguten. Erakunde publikoek ez zuten ezer egin eta demokrazia etorri zenean dena ahaztu zuten. Are gehiago, arazoak etorri ziren. Frankismoan denok bat eginda geuden, baina gero diferentziak etorri ziren eta beste modu batean ikusten gintuzten. Horrek amorrua ematen du. Esaten dute indarkeria mota ezberdinak berdindu nahi ditugula eta ez da horrela, mina parekatzen dugu. Gobernu zentralak ez du ezer jakin nahi poliziak eragin duen biolentziaren eta erail dituen pertsonen inguruan. Nire anaiaren kasua ikertzeko orduan ez dut ezer aurkitu toki ofizialetan, ematen du ez dela inoiz gertatu. Hori estatu terrorismoa da.

– Nondik atera duzue hainbeste urtetan aurrera egiteko indarra?

Eusko Jaurlaritzaren programa baten bitartez eskoletara joaten gara hemen egon den biolentziari buruz berba egin (ETA-k hildakoak, frankismoan hildakoak...) eta indarkeria erauzi beharra dagoen mezua igortzera. Gertatu dena ezagutzea da gauza bera berriz ez gertatzeko modua. Ezin da berriro hutsetik hasi. Nire anaiari zor diodan zerbait da.