JOSE RAMON SOROIZ: “Umeak esker onekoak dira eta ez dute engainatzen”

JOSE RAMON SOROIZ: “Umeak esker onekoak dira eta ez dute engainatzen”
2012/03/01 eta kitto!

-Nolako lana izan da Franz Kafka bezalako pertsona baten azalean sartzea?
Pertsonaia egitea proposatu zidatenean galdetu nien ea Kafkaren liburuak irakurri eta obra ikasi behar nituen. Bada ez, kontua ez zen hori. Kafkari gertatu zitzaion zerbait da antzezlanean kontatzen dena. Berlingo Stegliz parkean paseatzeko ohitura zuen Kafkak eta behin neskato bat negarrez ikusi zuen. Orduan, Kafkak galdetu zion ea zer gertatzen zitzaion eta neskatoak erantzun zion panpina galdu zitzaiola. Neskatoa gaizki pasatzen zegoenez, Kafkari bururatu zitzaion esatea panpina ez zela galdu, baizik eta bidaiatzera joan zela. Kontua da panpinak kartak bidaltzen zizkiola Kafkari, nahiz eta errealitatean Kafka zen gutun horiek idazten zituena. Idazlea buru-belarri murgildu zen istorio hortan eta berarekin bizi zen Dora harrituta geratu zen, hiru aste horietan Kafkak dena utzi eta erabat transformatu zelako. Hori gertatu eta urtebetera hil egin zen Kafka, eta Dora eta beste hainbat pertsona gutun horien bila ibili ziren, baina ez zituzten aurkitu. Horrela, antzezlaneko gutunak imaginazioz eginak dira eta ez da Kafka nolakoa zen eta abar aztertzen, baizik eta hiru aste horietako bizipenak. Pertsonai gozoa da, umeari idazten ziona gozoa zelako, eta egiteko polita da niretzat. Aitziber Garmendiaren pertsonaia ere, umea, potxolada bat da, eta Dorak (Ainara Ortega) bibolina jotzen du zuzenean. Dora izan zen istorioa jakitera eman zuena.
-Bitxia da antzezlana, balentzianoz, galegoz, gaztelaniaz eta euskeraz eskaintzen delako.
Bai. Atzo Gijonen izan nintzen (elkarrizketa martitzenean egin zen) eta bertan antzezlana galegoz egiten dutenak aritu ziren, baina gazteleraz egin zuten. Ondo egon zen. Eszenografia berdina erabiltzen dugu talde guztiek. Beraz, euren lana egin, desmontatu eta hurrengo saioa egingo den tokira eraman zuten. Aurreztu beharra dago.
-Ezberdintasunak antzeman zenituen galegoen eta zuen antzezlanen artean?
Oraingoan gazteleraz aritu ziren, estreinekoz, eurak direlako gaztelerazko antzezlana egiteko arduradunak eta urduri zeuden. Bestetik, aktore bakoitzak bere estiloa dauka, baina eurena gure lanaren berdintsua dela esango nuke. Hizkuntza guztietan da balidoa lana, baina badaude ezberdintasunak, aktoreek euren kutsua ematen dielako.
-Umeentzako antzerkia da hau. Non aritzen zara gustorago, umeen edo helduen aurrean?
Aktore bezala nik ez dakit lanak umeentzako edo helduentzako diren arabera bereizten. Ume edo helduentzat izan, berdin egiten dut lan. Antzerki berdina egiten dugu eta errespetu berdina diegu ume zein helduei. Baliteke gai batzuk hobe izatea umeentzat bideratzea eta beste batzuk helduntzat, hor dago aldea, baina aktoreak egiten duen lana berdina da. Bestalde, umeentzat lan egitea gustatzen zait. Umeak esker onekoak dira eta ez dute engainatzen.