Joseba Arginzoniz, argazkilaria: “Hirietan eraikinak ateratzen ditut, baina jendea interesatzen zait”

Joseba Arginzoniz, argazkilaria: “Hirietan eraikinak ateratzen ditut, baina jendea interesatzen zait”
2015/01/22 eta kitto!

- Zaldibarren bizi bazara ere, Eibarren jaioa zara, ezta?
Jaio bai, baina lehenengo 13 urteak Zaldibarren igaro nituen, han dago-eta gure baserria, Goierri auzoan. Baina egunero etortzen naiz Eibarrera, beharrera. Gurasoak Eibarren bizi dira eta eguerdian eurekin egoteko aukera daukat. Durangon ere bizi izan naiz eta orain Zaldibarrera bueltatu naiz.

- Noiztik argazkiak ateratzen?
25 urte izango dira dagoeneko: ikastaro bat egin ostean, eta gaur arte.

- Bidaiak argazkien arabera antolatzen dituzu?
Ez, baina argazki kamara ezin da falta. Bidaia prestatzen dugunean informazioa bilatzen dut ikusi gura dugun gauzei buruz, argazkiak barne. Eta, behin bidaian gaudela, gehien gustatzen zaidana da jendea eta euren ohiturak harrapatzea.

- Zelako kamarak erabiltzen dituzu?
Reflex bat eramaten dut, Nikon d700a, eta bi edo hiru objektibo: batzuetan 24-70mm f2.8, eta 70-200mm f4 eta, besteetan, objetibo finkoak 24 mm, 50 mm F1.4, 135mm f2, arinago joateko.

- Zergatik zuri-beltzean?
Ara Güler, Henri Cartier-Bresson, Sebastião Salgado, Dorothea Lange, ... eta argazki prentsa, fotoperiodismoa ere deitzen dena, betidanik gustoko izan dudalako.

- Kolorera bueltatzeko asmorik bai?
Gustora nago zuri beltzean.

- Tokiak, pertsonak... zeren bila joaten zara kamararekin?
Lekuaren arabera. Adibidez, New Yorken eta hirietan eraikinak, monumentuak, parkeak ezin dira atera barik laga... Baina, batez ere, jendea.

- Erakusketan merkatuak agertzen dira, batez ere. Zergatik?
Leku ona delako pertsonekin harremanak egiteko eta, horrez gain, bizitzaz beteta daudelako.

- Ze herrialdetako argazkiak dira?
Kuba, Costa Rica, Amsterdam, Berlin, India, Thailandia, ... Onena bertan ikustea izango litzateke, El Corte Ingleseko Ekitaldi Aretoan.

- Jendearekin negoziatzen dituzu argazkiok? Ezustean harrapatzen dituzu?
Segun eta nolan: batzuetan jendearekin berba egin ondoren ateratzen dizkiet eta, besteetan, ezer esan gabe, baina errespetuz.

- Arazo berezirik izan duzu?
Ez, askotan baimena eskatzen dut eta, jendeak nahi ez badu, ez dut ateratzen ...eta kitto!!!

- Bisitatu nahiko zenukeen herrialderik?
Mundua handia da, baina seguraski Asiako herriren bat esango nizuke. Horretan gabiltza, Vietnamera joateko asmoekin. Zeinek daki!!!

- Egin duzu beste erakusketarik?
El Ambigún Eibarren, Infreñu tabernan Ermuan, Valladolid-en, Burgos-ko herrixka batean eta Zaldibarren Ilargi kolektiboarekin. Gustoko ditut argazkiak erakustea eta hor dago beti ikusgai josebaarginzonizmartin.com webgunea.

- Lehiaketetan parte hartzen duzu?
Bai. Eta baita argazki rallyetan ere.

- Zer baloratzen duzu gehien argazki batean?
Zer esaten didan, zer transmititzen, begiradak, konposaketa. Momentua, azken batean.

- Zer esan dizute erakusketari buruz?
Momentuz jendeak gustoko ditu, politak direla eta ea salgai dauden... Galdetzen didate ere nora izango den egingo dudan hurrengo bidaia eta halako gauzak... Esperientzia polita da.