JOSU ASTIGARRAGA: “Txakur eta jabeen arteko harremana hobetzea dut helburu”

JOSU ASTIGARRAGA: “Txakur eta jabeen arteko harremana hobetzea dut helburu”
2012/02/16 eta kitto!

-Zertan datza Txakurrekin bizitzen ikastaroak?
Txakur  jabeen arteko harremana hobetzea helburua dauka. Hori kontuan izanda, arlo teoriko eta praktikoa ikusiko genituzke. Arlo teorikoan jorratuko genduke, adibidez, txakurrak nola funtzionatzen duen (pertsonen oso ezberdina delako), txakur-psikologia, txakur baten garapena (gaztetan, junior mailan eta nagusia denean), legegintza (jabeek dituzten betebeharrak jakiteko), txakurrak nondik datozen (etxe-txakurren sustraiak)... Bestetik, mito faltsuak argitzen ditugu, egin behar ez diren gauzak egiten duen jendea ikusten delako kalean. Ondoren, alde teoriko hori praktikara eramaten dugu. Horrela, jendeari erakusten zaio gauzak zergatik diren modu batean edo bestean. Intentzioa daukat, gainera, agility delakoa antolatzeko (oztopoak dituen zirkuitua izango zena). Laburbilduz, dena nahiko orokorra da, ulertzeko erreza, baina guztira puntu asko lantzen dira.
-Txakurrak hezitu behar dira eta hezitzen jakin, ala ez da beharrezkoa?
Norberak ikusiko du noraino heldu nahi duen, baina pentsatzen dut minimo bat derrigorrezkoa izan beharko litzatekeela edozein txakurrentzat.
-Mitoak aipatu dituzu lehen. Zeintzuk izango lirateke mito horiek?
Gaur egunean oso hedatuta dagoen mitoa da txakur-arraza batzuk erruduntzat jotzea. “Txakur horiek potentzialki arriskutsuak dira” eta halako baieztapenak entzuten dira. Hori guztiz irreala da. Izaerez egin daiteke berba, adibidez txakur batek izaera gogorra duela eta argi ibiltzeko, baina hori ez da arraza jakin batekoa izateagatik izango. Izaera kontua da, ez arraza kontua.
-Nola animatu zinen horrelako ikastaroak ematera?
Zumaiako kultura sailak urtero epe bat jartzen du herriko jendeak nahi duen ikastaroa proposatzeko eta animatu egin nintzen. Udalean gustatu zitzaien, onartu zuten eta jendea apuntatzen joan zen gero.
-Partikularki ere hezitzen dituzu txakurrak?
Bai, nire bezeroak ere badauzkat. Baten batek deitzen badit txakurrarekin arazoak dituela esanez edo txakurrak kaso egitea nahi duela esanez, horretan laguntzen diot. Txakurren portaera txarrak konpontzeko edo lehen aipatutako agility-rako ere deitzen didate, adibidez.