JUAN ALDAY: “Jardunaldiek ikuslegoaren interes eta iritzi ona mantentzen dute”

JUAN ALDAY: “Jardunaldiek ikuslegoaren interes eta iritzi ona mantentzen dute”
2012/03/30 eta kitto!

-Antzerki Jardunaldiak amaitzear daude. Nolako balorazioa egiten duzu horren gainean?
Jardunaldiek ikuslegoaren interes eta iritzi ona mantentzen dutela esan daiteke. Aurtengo edizioa nahiko kontinuista izan da. Joan den urteetan (orain dela 7 urtetik) jarraitutako formula jarraitu dugu. Oraindik 3 emanaldi falta dira eta goiz da datuak emateko, baina nahiz eta ikuslego kopurua txikiagoa izan, emanaldi gutxiago egon direlako, batazbestekoa iazkoa baino altuagoa izango da.
-Antzezlanen mailari dagokionez, zein iritzi duzu?
Nahiko txukuna izan da maila. Zerbait aipatzekotan, esan maila eta sormen gehiago erakutsi dutela talde ezezagunek ezagunek baino. Antzerkia sailkatzea zaila da. ‘Komertziala’, ‘independientea’…kontzeptuak 90. hamarkadan garbiago zeuden, baina badaude kontzeptu ezberdinak gaur egun ere, eta uste dut aurten sormen eta sorkuntza gehiago egon dela izarrak ez diren talde horietan, izen ospetsuetan baino.
-Antzezlan gutxiago egon dira aurten, baita euskarazko obra gutxiago ere. Hala ere, jardunaldiak euskarazko lan batekin hasi eta amaituko dira.
Ezusteko bi izan ditugu. Batetik, lehenengo emanaldia oso lan duina izan zen. Jendeak espero zuena baino onagoa seguru aski. Oso erakargarria. Paradoxikoa badirudi ere, azken aldian jardunaldietan egon den euskal antzezlanetariko jendetsuena izan zen. Ez zen antzerkia bete, baina 300 bat pertsona izan ziren eta ez dira ohiko kopuruak. Bigarrenik, haur-antzerkia izan genuen, nagusientzat ere baliagarria zena, ‘Kafka eta panpin bidaiaria’. Jardunaldietako antzezlan hunkigarrienetarikoa izan zen. Oso lan duina. Oraindik euskarazko hirugarren antzezlana falta da (‘Ipar haizearen kontra’, bihar 20.30etan Coliseoan), baina orain artekoak oso politak izan dira.
-Goizegi izan daiteke oraindik, baina datorren urtera begira aldaketak aurreikusten dituzue Antzerki Jardunaldietan?
Beti ari gara hausnarketak egiten, baina azken urte bietan hausnarketa hori lehen zegoen kalitatea eusteari bideratu dugu, kontutan edukita baliabideak urriagoak izan direla. Datorren urteari begira, gauzak pixkat egonkortzen badira, agian beste gauza batzutan pentsatzen hasi gaitezke. Aurten erabaki dugu kalitateari mantentzea, ikuskizun kopuruak gutxituz. Pozik gaude alde horretatik. Egoeraren arabera ikusiko dugu zer egin datorren urtean.